AKTUALITATEA


| 2024-01-25 10:23:00

EH Bilduk, Rocio Vitero Udaleko bozeramailearen bitartez, Gasteizko 2024ko aurrekontuetarako lortutako akordioa aurkeztu du gaur. Gasteiztarren bizi-baldintzak hobetuko dituen akordio horrek 6 milioi euroko balioa izango du, eta beste horrenbeste konpromiso-kredituetan. «Gaur ezagutzera eman nahi dizuegu EH Bilduk Gasteizerako aurrekontu-akordioa lortu duela. Gasteiztarron bizi-baldintzak hobetuko dituen akordio on bat da. Akordio horrek babes soziala handituko du, etxebizitza-eskaintza hobetuko du, trantsizio energetikoan aurrera egitea ahalbidetuko du eta tokiko ekonomia eta enplegua bultzatuko ditu. Gaur aurkeztu dugu akordio hau, 6 milioi eurokoa eta 5 arlo handitan antolatua. Herritarrentzat pentsatuta dago eta udalerri gisa ditugun erronka handien inguruan erantzunak eskaini nahi ditu», azaldu du Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak.

Viterok gogorarazi du:
«EH Bilduk erantzukizun eta seriotasun osoz jokatu du beti, aurrerapausoak eta hobekuntzak lortzeko lanean. Beti defendatu dugu akordioak lortzeko dugun gaitasuna. Izan ere, argi dugu helburua ez dela akordioa bera, horrek ekar ditzakeen hobekuntzak baizik. Eta horrela egin diogu aurre 2024ko aurrekontuen negoziazioari. Gure konpromisoa Gasteizko herritarrekin baita. Gaur, aurrekontu akordio positibo bat aurkezten dugu, herritarren bizi-baldintzak hobetuko dituena eta sakoneko udal proiektu eta politika berriei bidea irekiko diena».

Lehenengo blokean, babes sozialekoan, EH Bilduk 2 milioi euroko partida bat lortu du Gasteizko auzoetan etxebizitza komunitarioak egin ahal izateko, eta 500.000€-ko beste bat adinekoentzako jantokietan inbertsio berriak egiteko.
«Biak ala biak adinekoei arreta hobea eskaintzeko proposamenak dira, kalitatez eta hurbiltasunez. Egungo erronka demografikoaren aurrean, eta 200 pertsona baino gehiagoko itxaron-zerrenda dagoenean, anbizioa izan behar dugu eta etxebizitza komunitario berrietan inbertitu». Bloke hori 200.000€-ko partida batekin osatuko litzateke, egungo zerbitzuek dituzten gabezien aurrean zaurgarritasun egoeran eta bazterketa-arriskuan dauden emakumeentzako baliabide berriak eskaintzeko.

EH Bilduk apustu irmoa egin du Gasteizko Udalaren etxebizitza-parkeari balioa emateko, birgaitzeko eta erabilera emateko. Horretarako, 850.000
€-ko partida bat erabiliko du etxebizitza horien zati bat birgaitu ahal izateko eta, horrela, hirian eskuragarri dagoen etxebizitzaren eskaintza handitu ahal izateko.
 

Hirugarren blokea ere 850.000€-koa da, eta enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzeko eta aktibatzeko hiru partida ditu. Horietatik, 350.000 enplegu-programa espezifiko batera bideratuko dira, sortzen ari diren sektoreetan lanpostuak sortzen laguntzeko (zaintzak, trantsizio ekologikoa, birgaitze eta eraginkortasun energetikoa, industria-sektorearen edo lehen sektorearen eraldaketa eta jarduera ekologikoaren sustapena). Beste 300.000 merkataritza-lokalak dinamizatzera bideratuko lirateke, eta 200.000, berriz, merkataritzan belaunaldi-aldaketarako laguntza-plan batera.

Gasteizen larrialdi klimatikoaren erronka h
andiari aurre egiteko trantsizio energetikora bideratutako neurriek osatzen dute EH Bilduren laugarren neurri multzoa. Bertan, 600.000€-ko partida bat lortu du Gasteizko auzoetan komunitate energetikoak garatzen laguntzeko, “eremu degradatu” deitutakoentan. «Benetan uste dugu trantsizio honek ezin duela inor atzean utzi, eta ahalegina egin behar dugula hiri-eremu osoan eguzki-plakak jartzen laguntzeko», ziurtatu du Viterok. Eta trantsizio energetiko horretan, EH Bilduk 300.000€ bideratuko ditu bizikleta eta MPI mailegu-sare bat garatzen hasteko, mugikortasun jasangarria eta intermodalitatea sustatzeko, industrialdeetara, lantokietara, aisialdi-guneetara edo zerbitzu publikoetara joan ahal izateko.

«700.000 lortu ditugu bizitza sozial eta kulturala dinamizatzeko, EH Bilduk defendatzen duen Gasteiz hori bizitzeko eta bizigarria egiteko», adierazi du Viterok. Horrela, EH Bilduk 250.000€-ko partida bat sortuko du Oihaneder arte sorkuntzarako zentro gisa birbideratzeko, gizarte eragileekin eta herritarrekin lankidetza sustatuz. Lankidetza hori, EH Bilduren iritziz, beste bi ekimenetan islatu behar da: Gasteiz Euskararen Hirian eta Gazte Plazan (50.000 euroko partida banarekin). «Gasteiz Euskararen Hiria asteburu batez udalerria euskalduntzeko prozesua ospatzeko eta bultzatzen jarraitzeko ekimena da. Ekintza hori, gure ustez, Gasteiz Antzokiko jardueraren hasieraren osagarri da, eta erakunde zein pertsona euskaltzaleek parte har dezatela nahi dugu. Gazte Plazak, asteburu batez, Gasteiz gazteen kultur sorkuntzari buruzko erakusketa, merkatu eta eztabaida gune bihurtu nahi du», adierazi du Viterok. Kapitulu honetan 50.000 aurreikusten dira Gasteiz eta Araba Erdialdea Unescoren Biosfera Erreserba izendapena aztertzeko. Azkenik, multzo hau 150.000€-ko bi neurrik osatzen dute, bi auzotarren eskaerei erantzuteko: zuntz optikoa Alde Zaharrera iristea erraztea eta Goikolarrako gizarte-zentroa hornitzea, behin haren kokapena zehaztuta degoenean.
 

Gaur arratsaldean bertan, EH Bilduk bere militantziari helaraziko dio udal gobernuarekin adostutako proposamena, berrets dezan. «Badakizue Euskal Herria Bildun harro gaudela gauzak beste era batera egiteaz. Erabakiak beti gure militantziarekin, gure bilkideekin partekatzea gustatzen zaigu, are gehiago kasu honetan bezain garrantzitsuak direnean. Gaur aurrekontuen negoziazioaren garapenaren berri emango diegu eta euren berrespena eskatuko diegu lortutako akordiorako. Espero dugu gure militantziak balioan jarriko duela gure ekintza politikoaren erdigunean herritarrak eta haien beharrak jartzen dituen eta Gasteizen politika aurrerakoietan aurrera egitea dakarren akordio bat».