Gasteizera iritsitako pertsonen arreta hobetzeko EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du gaur goizean, ostiral honetako udalbatzan eztabaidatzeko. Horrela, EH Bilduk proposatu du Gasteizera iritsi berri diren pertsonentzako udal zerbitzu edo programa bat sortzea, herritarren arretaren parte izango dena. Azken batean, leihatila bakar gisa funtzionatzen duen zerbitzu edo programa bat, dauden herritarren arretarako baliabideak osatuz, baina berariaz hirira iritsi berrien beharrei erantzuteko egokitua: harrera, orientazioa eta hiriko baliabideei buruzko informazioa, edota iritsi berriei gure udalerriko bizitza sozial eta administratiboan sartzen laguntzeko.
Rocio Vitero EH Bilduko bozeramaileak aipatu duenez, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen %11,1 inguru atzerritarrak dira. «Migrazio-fluxu horiek ez dira gizarte-fenomeno iragankor edo koiunturalak, euskal gizartearen egiturazko errealitatea baizik. Gero eta handiagoa den kultura-aniztasuna ukaezina, positiboa eta aberasgarria da», adierazi du Viterok. Gainera, ziurtatu duenez, aniztasuna kudeatzeko Euskal Ereduari modu egokian eta lerrokatuan erantzuteko, ezinbestekoa da beharrezkoak diren baliabideak eta ibilbideak izatea aniztasun hori ahalik eta modu proaktiboenean bermatzeko eta prebentzio-ikuspegian aurrera egiteko. «Helmuga berri batera iristeko unea bereziki delikatua da, eta orduan eman behar ditugu laguntza intentsiboenak, hasiera-hasieratik gizarteratzeko ibilbideak errazteko. Horregatik, EH Bilduk herritarrentzako arreta-zerbitzu espezifiko hurbil eta proaktibo bat bultzatu nahi du, Gasteizera iritsi berriei arreta, babesa eta laguntza eskainiko diena. Era berean, pertsona horien parte-hartzea bermatu nahi dugu, askotariko Gasteiz honen eraikuntzan duten esperientziatik ekarpenak egin ditzaten».
Horrela, Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, zerbitzu edo programa hau gaur egun dagoen herritarren arretaren hedapen eta hobekuntza gisa ulertu behar da. Leihatila bakarra, dauden baliabideei eta tokiko informazioari buruzko argibideak emango dituena eta gure administrazio-sarean nabigatzen eta zalantza logikoak argitzen lagunduko duena. «Batetik, oinarrizko premiei buruzko informazioa ematea nahi dugu, hala nola errolda, hezkuntza, osasuna, kultura eta etxebizitza, eta, bestetik, tokiko bizitzan aktiboki parte hartzea erraztu dezakeen informazioa ematea. Baliabideak sortzea eta informazioa hainbat hizkuntzatan ematea, Gasteizko herritar berriak murgiltzen laguntzeko, eta hiriaz pertsona guztiok gozatzen dugun moduan goza dezaten».
Era berean, zerbitzu edo programa hori martxan jartzeko, EH Bilduk uste du interesa dutena pertsonen eta erakundeen ekarpenak jaso behar direla, hala nola udal langileena, teknikariena, sektoreko erakundeena, migratuen elkarteena edo talde politikoena, adibidez.