AKTUALITATEA


| 2025-05-06 11:51:00

Gaur Gasteizko Udalean egindako kultur batzordean, EH Bilduk Folklore Akademia Luis Aranburu Musika Eskolan sartzearen alde bozkatu du. Hala ere, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotzia ikasleei aplikatu nahi zaien prezioen igoeraren aurka agertu da. «Integrazioaren alde gaude, bai, baina ez dugu %147ko igoeraren alde bozkatuko, ez dugu babestuko ikasleei prezioa 162€-tik 400€-ra igotzea, eta are gutxiago eskainiko den zerbitzua bera denean».


Hau da, EH Bilduk positibotzat jo du integrazioa; izan ere, adierazi den bezala, bikoiztasunak saihestuko lirateke irakasgaiei eta metodologiari dagokienez, eta berrikuntzak egitea eta hobekuntzak aplikatzea ahalbidetuko luke. Baina, gainera, integrazioak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen dirulaguntza handitzea ekarriko du Eskolarentzat, eta 424.487€ jasotzera igaroko da, eskolaren onerako izan beharko liratekenak. «Kopuru handi batez ari gara, ondo kudeatuta onurak ekar ditzakeenak, bai eskolarentzat, bai ikasle eta irakasleentzat. Horregatik bozkatu dugu integrazioaren alde».


Hala ere, Uriarte zinegotziak ziurtatu du badirela zalantzan jartzen dituzten beste argudio batzuk, eta, ildo horretan, ez dagoela ados memoria ekonomikoak jasotzen duen prezio-igoera justifikatu gabe horrekin. «Ikasleek ez dute ordaindu behar hartu den erabaki politiko honengatik». Maider Uriartek esan du EH Bilduk aldeko botoa eman duela integrazioari dagokionean, baina ez duela prezioen igoerarik babestuko eztabaida hori ematen denean.