EH Bilduk datorren udalbatzan aurkeztuko du Udaltzaingoaren bizikleten zerbitzua handitzeko proposamena. Gasteizek ibilbide luzea du mugikortasun jasangarrian, eta bizikletaren erabilera sustatzen duten politikak integratzearen aldeko apustua egin du, ez bakarrik herritarren artean, baita zerbitzu publikoen barruan ere. Ildo horretan, Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak adierazi du beharrezkoa dela bizikleten zerbitzua zabaltzea: «Bizikleten zerbitzua Udaltzaingoaren barruan txertatuta dago, eta hurbiltasunaren, jasangarritasunaren eta eraginkortasunaren adibide da. Uste dugu positiboa izango litzatekeela zerbitzu hau martxotik azarora arte zabaltzea ikuspegi gizatiarrago eta hurbilago horretan lan egiteko».
Izan ere, gaur egun, bizipolien zerbitzua urtean hilabete gutxi batzuetara mugatzen da, zehazki ekaina eta iraila bitartean. Hala ere, EH Bilduk zerbitzua gutxinaka urte osoan zehar zabaltzera bideratutako proposamena egin du, betiere baldintza meteorologikoak kontuan hartuta. « Hurbileko polizia komunitarioaren presentziaren beharrak ez dira desagertzen urtaro aldaketarekin. Ez dira udan bakarrik kontzentratzen. Behar iraunkorrak dira, eta urte osoan erantzun egonkorra, hurbila eta eskuragarria behar dute».
Proposamen hori ez da batere ezohikoa; are gehiago, antzeko klimak edo are gogorragoak dituzten hirietan, hala nola Parisen, Bruselan, Kopenhagen, Malmön edo Iruñean, bizikletaz patruilatzeko zerbitzuak ezarri dira urte osoan zehar edo, behintzat, epe luzeagoetan. «Adibidez, Iruñean, klimatologiari dagokionez ere antzeko ezaugarriak dituen gure inguruko hiri batean, urteko hilabete gehiago hartzen dituen bizikleta patruilatzeko eredu baten aldeko apustua egin da, udatik harago zerbitzu mota hori mantentzea bideragarria dela erakutsiz».
EH Bilduren ustez, zerbitzu horrek herritarrekiko harreman hurbilagoa, zuzenagoa eta elkarrizketarako prestutasun handiagoa azaltzen duena bultzatzen du, prebentzioan eta hurbiltasunean oinarritutako polizia komunitarioaren eredua sustatuz. Izan ere, EH Bilduko zinegotzi Aitziber Salazarrek adierazi duenez, «hainbat azterlanen arabera, bizipoliek askoz harreman zuzenagoa eta jarraituagoa dute herritarrekin ibilgailu motordunetan ibiltzen diren patruila arruntek baino. Batez beste, 7,3 interakzio egiten dituzte orduko, eta auto-patruilen kasuan, berriz, 3,3, eta interakzio horiek 22,8 pertsona inplikatzen dituzte orduko, autoko patruilen kasuan baino bi aldiz gehiago».
Gainera, EH Bilduren proposamen honek hiriaren jasangarritasunarekiko konpromisoa indartzen du. Izan ere, bizikleta zero isuriko ibilgailua da, berdeguneetarako, oinezkoentzako guneetarako eta ingurune naturaletarako sarbidea errazten du, non motordun ibilgailuak ezin diren erraz iritsi edo ez liratekeen iritsi behar, eta ez litzateke Udalarentzat motordun ibilgailuak erosi eta konpontzea baino merkeagoa litzateke.