EH Bildu eta Elkarrekin Gasteiz taldeek mozio bateratu bat erroldatu dute datorren apirilaren 13ko udalbatzan eztabaidatzeko. Mozio honekin bilatzen dute udalak konpromiso bat hartzea udal garraio enpresa publikoaren, Tuvisaren, hiri autobusak berritzerakoan. Modernizazio horrek bateragarria izan behar du klima larrialdiaren aurkako borrokarekin eta udalerria karbonogabetzeko ahaleginarekin, eta, hortaz, bi taldeek proposatu dute aurrerantzean %100 elektrikoak izango diren autobusak erostea.
EH Bilduk eta Elkarrekin Gasteizek kezkaz ikusi dituzte Urtaranen azken adierazpenak, non, aldebakarreko erabaki bati jarraituz, hibridoak diren autobusekin flota betetzen jarraitzearen aldeko apustua egin duen. Asmo hori zentzugabekeria da, eta ez dator bat isurketa kutsakorrak eta erregai fosilen kontsumoa murrizteko helburuarekin. Gainera, legealdirako jarri zuen mandatua betetzetik urruntzen du, udal gobernua bukaeran 20 autobus elektriko izatea aurreikusi zuelako.
Bi taldeen aburuz, helburuak izan behar du Tuvisako flota osoaren elektrifikazioa 2030. urterako. Helmuga hori, bide batez, PATEI 2030 Gasteizko Trantsizio Ekologikoaren Plan Integratuak jasotzen du, uneotan eztabaidatzen ari den dokumentua.
Gaur egun, Tuvisak 85 ibilgailu ditu bere autobus-flotan, batez beste 12,63 urte dituztenak. Nabarmendu behar da 57 ibilgailuk 11 eta 15 urte bitartean dituztela, egunero zerbitzua ematen, eta zortzi daude hogei urte baino gehiagorekin. Flota honi gehitu zaizkio duela gutxi zero isurkerta dituzten 13 ibilgailu %100 elektriko, BEIren ibilbide periferikoan zerbitzua ematen dutenak. EH Bilduren eta Elkarrekinen ustez, ibilbide periferikoaren aldaketa honek jauzi kualitatibo bat eragin behar du Tuvisako flotaren elektrifikazio osoaren bidean.