AKTUALITATEA


| 2025-12-03 11:43:00

EH Bildu aurrekontuen akordio berri bat negoziatzeko borondatea adierazi du, betiere akordio horren edukiak Gasteizko herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen badu. Horrela, Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak esan duenez, «EH Bilduk aurrekontuen negoziazioari orain arteko lehentasun eta lan-ardatz berberekin egin dio aurre, eta hitz egiteko eta negoziatzeko borondate osoz. Akordio berri bat lortzea edo ez, akordio horren edukiaren araberakoa izango da».


Izan ere, zinegotziak adierazi duenez, EH Bilduk positibotzat jo ditu orain arte lortutako lorpenak. «EH Bildu ez dago eta ez da akordioetan egongo honaino ekarri gaituen politika egiteko modua sendotzeko, baizik eta udal-politikari beste norabide bat ematen saiatzeko. Eta hori egiten dugu, proiektu eta proposamen berritzaileak mahai gainean jarriz, norabide aldaketa dakartenak eta herritarren beharrei eta interesei erantzuten diotenak».

 

Zentzu horretan, Ruiz de Larramendik uste du partida zehatzetan justifikatu ezin diren atzerapen batzuk egon arren, EH Bilduk asko lortu duela gauzatzea orain arte, eta ziurtatu du «ahalegin guztiak» egiten jarraituko dutela partida guztiak gauzatzeko: «Oraindik gauzatu ez diren partidei buruz, EH Bilduk horiek gauzatzeko konpromisoa du: proiektuak ditugu eta beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak ditugu. Horregatik, PSEri eta EAJri eskatzen dieguna da adostutakoaz jabetu eta proiektu horiek gauzatu ahal izateko elkarlanean aritzea. Izan ere, hori egiten badugu, zalantzarik gabe, herritarrek irabaziko dute».


Hala eta guztiz ere, zinegotziak EH Bilduren hainbat proposamen errepasatu ditu, bere alderdiaren ekimenez aurrera atera direnak, baina «askoz gehiago» direla gogorarazi du. Gizarte politikei dagokienez, azpimarratu du akordioari esker adinekoentzako 20 etxebizitza komunitario eraikiko direla Salburuan, adinekoentzako jantokietan 100 plaza baino gehiago martxan jartzen ari direla eta kale-egoeran dauden pertsonei larrialdiko harrera egiteko baliabideak sortzen ari direla. Etxebizitzaren arloan, etxebizitza-bloke bat eraikitzen hasi dira, Barrenkale kalean gazteei alokairu sozialean eskainiko zaiena, eta antzeko ezaugarriak dituen beste ekintza garrantzitsu bat prestatzen ari dira.


Sustapen ekonomikoari eta enpleguari dagokienez, zinegotziak adierazi du bere formazioak 80 komertziorekin irekiera lagundu dutela sortu duten laguntza-lerro ekonomiko berri bati esker. Baina arlo horretan, aipatzekoa da, gainera, bi hazitegi komertzial berri ireki direla, eta beste bi ekintza gehiago aurreikusten direla, hala nola enpresen hazitegi berri bat eta laster aurkeztuko den Jundizko Enpresa Zentroaren erreforma. Adierazi du, halaber, lehen aldiz jarri dela martxan lehen sektorerako laguntza-deialdi bat, bai eta bi enplegu-plan berri ere, lan-merkatuan sartzen laguntzeko.


Trantsizio ekosozialari dagokionez, EH Bilduren emendakinei esker, Gasteiz da gaur egun komunitate energetikoak sortzeko, alde handiz, gehien inbertitzen duen euskal udalerria eta, gainera, bizikleta elektrikoak mailegatzeko sistema bat izango du martxan gutxi barru. Gainera, enpresak deskarbonizatzeko eta ibilgailu profesionalak elektrifikatzeko laguntzak ere jarri dira martxan.


Azkenik, EH Bilduk Gasteiz bizi eta anitza bultzatzeko proposamen batzuk aurrera eramatea lortu du, Euskararen Hiria edo Gazte Plaza bezalako ospakizunekin, Oihanederreko jarduerari bultzada irmoa emanez eta 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrena ospatzeko diru-partida batekin.