AKTUALITATEA


| 2020-01-03 13:21:00

EH Bilduk, 2020ko urtarrilaren 3an, langile bat hil den zorigaiztoko lan-istripua gertatu eta egun batera, Adierazpen Instituzional bat erregistratu du, non Gasteizko Udalari eskatzen dion "lan-prekarietateari aurre egiteko eta lan-istripuak saihesteko, kosta ahala kosta eta guztiaren gainetik” neurriak har ditzan.

Era berean, dokumentu horrek Udalari eskatzen dio gertatutakoagatik atsekabea adierazteko eta doluminak helarazteko hildako langilearen senide, lagun eta lankideei. EH Bilduko bozeramailea Miren Larrionek, langilearen familiari babesa adierazteaz gain, lan egiteko deia egin die erakundeei, ezbehar hau errepika ez dadin: "EH Bildutik gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu hildakoaren gertukoei. Erakunde publikoetatik lan arriskuen prebentzioan lanean jarraitu behar dugu, eta lan prekarietateari aurre egin. Lehentasunezko gaia da hau".

EH Bilduren ustez, ezinbestekoa da lan-osasunari eta laneko segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta laneko arriskuen prebentziorako arauak bete daitezela eskatzea ere, batez ere lan-prekarietate argia dagoenean. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta Osalani eskatzen zaie heriotzaren inguruabarrak argitu ditzatela, familiari informazioa emateko.

Adierazpen Instituzionala Udalaren osoko bilkurari atxikitzeko eskaera batekin amaitzen da, istripua salatzeko egiten diren ekimen guztietan partaide izan dadin, herritarrak horietan parte hartzera animatuz, eta hildakoaren familiari elkartasuna eta babesa adieraztera.