AKTUALITATEA


| 2020-07-17 10:21:00

EH Bilduk egoitza publikoen ereduaren aldeko benetako apustua eskatuko die gainontzeko udal taldeei datorren udal osoko bilkuran. Era berean, korporazioari eskatuko dio eredu horrekin konprometitzeko, pertsonetan oinarrituta egongo den eredua eta egoiliarrei kalitatezko zerbitzua eta langileei lan balditza duinak eskainiko diena. "Pertsona erabiltzaileen bizi-kalitatea bermatzea bizi-beharretara egokitzen den segurtasun- eta zaintza-espazio bat izatean oinarritzen da. Hori dela eta, zaintza publikoaren eredu baterantz jo behar dugu, eta ez horien pribatizaziorantz", adierazi du Rocio Vitero EH Bilduko Gasteizko zinegotziak.


Ildo beretik, datorren astelehenean, Lurralde Batzordean, EH Bilduk Urtaran kabineteak HAPOren erabilera tertziarioaren arauari egin nahi dion aldaketaren aurka bozkatuko du. Vitero zinegotziak ohartarazi duenez, "Gasteizko Udalak ezin dizkie ateak ireki zaintzekin negozioa egin nahi duten enpresei. Pertsonak zentroan jartzeko eta egoitzetan kontrol publikoa ezartzeko unea da, egoiliarrentzako kalitatezko zerbitzua eta zentroetako langileen baldintzetan behar besteko bermeak bermatuko dituena".


HAPOren egungo erabilera tertziarioaren arauak jasotzen duenez, erabilera tertziarioko lurzoruan soilik baimendu daiteke asistentzia-erabilera, administrazio publikoaren mendeko hirugarren adineko egoitzak direnean. Hala ere, Urtaran gobernuak erabilera hori aldatu nahi du egoitza pribatuak aipatu lurretan kokatzeko. Horrela, gobernuak eredu pribatu prekarizatu eta krudel bati jarraipena eman nahi dio, pandemia honetan bere gabeziak erakutsi dituen ereduari.

EH Bilduren ustez, zaintza publikorako eta kalitaterako eskubideen aldeko konpromisoa lortzeko unea da, eta arreta berezia jarriko da adinekoen zaintzan. Hori dela eta, Viterok azaldu duenez, EH Bilduk aldaketa horren aurka egingo du batzordean, eta osoko bilkuran atzera egitea eskatuko du, mozio bidez, udalerrian egoitza pribatuak jartzea erraztu eta sustatu nahi duelako. Mozio berean, arreta ahalik eta pertsonalizatuena izango duen eredu bat ere eskatuko du, instalazio egokietan eta lan-baldintza duinetan dauden langileekin.