AKTUALITATEA


| 2020-04-13 11:48:00

EH Bilduk uste du albiste txarra dela Vital Fundazioak hartu duen erabakia Suediako Catella inbertsio funtsari babes ofizialeko 500 etxebizitza saltzeko. Eman den informazio eskasak ez du salmentaren ondorioei buruzko azterketa sakona egitea ahalbidetzen, baina kezka iturri bada. «Lurraldean babes ofizialeko etxebizitzaren kontrola urruntzen eta kudeaketa ahultzen duen erabakia da, eta etxebizitza horien etorkizuna interes propioak dituen Suediako funts baten erabakiek baldintzatuko dute», azaldu du Gasteizko Udaleko zinegotzi Felix Gonzalezek.

Harridura sortu du, txarrerako, eragiketa ezagutu den moduak. Maizter jakin batzuei bidalitako zirkular baten bidez izan da, Kaleratzeak Stop taldeak argitara eman duena. Salmenta joan den martxoaren 20an egin zen, osasun larrialdi eta alarma estatuaren barruan, eta ez Vital Fundazioak ez hura osatzen duten erakundeek ez dute inolako azalpenik eman kontratuaren xehetasunei eta baldintzei buruz. «Argi eta garbi, gertatu denak ez du bat egiten gizarte ekintza indartzeko eta hobetzeko ildoarekin, are gutxiago bizi ditugunak bezalako krisi garaiotan, eta kontrako norabidean doa zuzenean», ohartarazi du Gonzalezek.

Bere garaian, EH Bilduk salatu zuen Arabako eta Gasteizko Aurrezki Kutxa banku fundazio bihurtzeak erakundea pribatizatuko zuela de facto, eta bihurtuko zuela EAJk eta PSEk zuzenean aukeratutako pertsonen klub pribatu ordura arte gasteiztarren eta arabarren ondare komuna zen zerbait. «Ez dago gutxieneko kontrol demokratikorik fundazioak hartzen dituen erabakiei buruz. Vitalquilerren etxebizitzak hiritar guztien ondarearen parte dira, eta horiekin jolasean ari dira inolako azalpenik gabe. Vital Fundazioaren kudeaketari buruzko iluntasuna erabatekoa da», azpimarratu du EH Bilduko zinegotziak.

Kontuan hartu behar da hala Gasteizko Udalak nola Arabako Foru Aldundiak, entitate fundatzaileak diren neurrian, zuzenean izendatzen dituztela ordezkariak fundazioaren zuzendaritza patronaturako. Hain zuzen ere, presidentea Jon Urresti da, Gasteizko udal gobernuak izendatu duen pertsona. Urrestik behin eta berriro uko egin dio agerraldia egiteari eta azalpenak emateari udal organoetan, fundazioaren buruan egiten duen kudeaketari buruz. EH Bilduk berriro ere azalpenak eskatuko dizkio fundazioari, eta baita ere udal gobernuari, Vitalquilerreko etxebizitzen inguruan hartutako erabakiaren azken ardura badagokiolako baita ere.