EH Biduren Gasteizko alkategai Rocio Viterok 'Betoñu Berria' izeneko proposamena aurkeztu du gaur. Betoñuko herriaren hegoaldean dagoen poligonoa birgaitzea du helburu ekimen horrek, farmazia-gune bihurtzeko, eta Sendagaien Ikerketa eta Ekoizpenerako Zentro bat elementu nagusi gisa sartzeko. «Gasteizko izaera industrialaren alde egiteko garaia da. EH Bilduk Gasteizko iparraldeko industria eremua berritzea proposatzen du, enpresak erakarri eta zonari balio erantsia emango dion polo ekonomiko produktibo, dinamiko eta berritzaile bihurtzeko. Udaletatik eraldaketa sozioekonomikoaren erronkari jasangarritasunetik aurre egitea erraztu behar diegu enpresei. Izan ere, eraldaketak ez du galeraren sinonimo izan behar, aukerarena baizik: enpleguari eusteko eta enpleguaren kalitatea hobetzeko aukera», adierazi du Viterok.
Hala, Viterok, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko alkateordearekin batera, Betoñu Berri aurkeztu du eraldaketa horretarako lehen urrats gisa. «Trantsizio energetikoaren eta krisi klimatikoaren erronkak garapen sozioekonomikoa baldintzatuko du datozen urteetan, eta gure enpresak eta negozioak produkzio-eredu eta zerbitzu jasangarriagoetara bideratzera behartuko ditu, Gasteizen marka eta ikur diren eta harro gauden industria-jarduera eta arima mantendu nahi baditugu».
Ildo horretan, Viterok defendatu du Udalak gidatu behar duela udalerriaren eraldaketa sozioekonomiko hori, eta gainerako eragile politiko, ekonomiko eta sozialekin lankidetzan egin behar duela, herritarrekin batera. «Enpresei transfromazioan laguntzeko gai izan behar dugu. Eta, alde horretatik, estrategia zabalagoa behar da. Gaur egun, gutxi erabiltzen diren edo zuzenean erabiltzen ez diren industria-lurzoru asko ditugu Gasteizko iparraldean. Industrialdeen sare bat dugu, garai bateko egitura eta eskaintzari erantzutena diona, non enpresa arrakastatsuek pabiloi eraitsiekin eta orube hutsekin bat egiten duten. Eta horren aurrean, uste dugu HAPOn jasotako proposamenak oso motz geratzen direla, eta, horregatik, Plan Zuzentzaile bat onartzea planteatzen dugu, Betoñu Berria izenekoa, 2050erako eremua erabat eraldatzeko».
Hala, Unai Fernandez de Betoñok ziurtatu du EH Bilduk, Betoñu Berriaren bitartez, estrategia integral bat eskaini nahi duela ingurunea eraldatzeko, erakarpen eta garapen ekonomiko moderno eta berritzailerako polo bat sortuz, teknologiarekin, eraldaketa digitalarekin edo sormen-industriekin lotutako enpresa berritzaileei hazteko edo garatzeko kokapen berri bat eskainiz, erabilera misto gehiagorekin eta hiri finkatuan integratuta. Horretarako, Fernández de Betoñok adierazi du plan zuzentzaileak hainbat ekintza jasoko dituela hirigintzaren eta arkitekturaren berroneratzean, erabilera mistoen aberastean, hiri-integrazio egituratuan eta kudeaketa partaidetuan eta proaktiboan.
Eraldaketa horren lehen adibidea Betoño herriaren hegoaldeko 20 hektareako eremuan egingo litzateke, hiru esku-hartzerekin. Lehenengoan, Betoño kalearen mendebaldean, gune berde-kultural bihurtuko denaa, hiri-arterako gune batekin, Atso Jakituna Fundazioaren eta Diseinuko Goi Mailako Eskolaren presentzia aprobetxatuz. Bigarrena, Aranbizkarratik gertu dago, non auzorako ekipamendu berriak jarriko liratekeen (zuzkidura-etxebizitzak, sukaldaritza- eta ostalaritza-espazioak...), eta egungo aparkalekua plaka fotovoltaikoz estaliko litzateke. Azkenik, esku-hartzearen muina Betoñu, Oñati, Egoibar eta Eskoriatza kaleen artean kokatuko litzateke: 11 hektarea, MedTech izeneko farmazia-industriako polo bat kokatzeko. Berritzearen katalizatzailea Sendagaien Ikerketa eta Ekoizpenerako Zentroa izango litzateke, eta Farmazia Fakultatearen, Arabako ESIaren eta Miñaoko jarduera eta enpresen arteko lotura izango litzateke.
Gainerako eremuetarako beste ekintza mota batzuk planteatzen dira, hala nola korridore bat sortzeko aukera, Gasteizko kanpoko eraztun berdea eta barrualdea Betoñu Berriatik lotuko dituena, VascoNavarro trenbide zaharraren trazadurari jarraituz. Era berean, epe ertainean, Salburuako tranbia-linea zabaltzeko aukera planteatzen da, industrialdeko eremu berri osora irits dadin eta zerbitzua eman dezan. Eta aurreikusitako beste ekintza bat udal-erakunde berri bat sortzea izango litzateke, dagoeneko ezarrita dauden enpresekin lan egiteko eta kanpoko enpresak erakartzeko.