AKTUALITATEA


| 2020-05-12 14:03:00

EH Bilduren aburuz, astekeria hutsa da azken 72 orduetan udalerrian gertatu dena deseskalatzearen lehen faseari ekiteko irizpide eta arauen inguruan. Gaur gaurkoz, herritarrek ez dute modurik jakiteko Gasteizko udalerrian baimenduta zer dagoen eta zer ez. BOEn eta EHAAn argitaratu diren arau ofizialekin batera, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren bi interpretazio daude indarrean, euren artean kontrajarrita daudenak esparru funtsezkoetan. Esaterako, legezkoa den edo ez etxebizitza batean elkartzea hamar lagunetik beherako taldeak, beti ere osasun neurri egokiak jarraituta.

EH Bilduk uste du herritarrek ezin dutela ordaindu Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sortu duten anabasa eta argitasun falta. «Alderdi berdinak dira, EAJ eta PSE-EE, bi gobernuetan, eta ez dira gai modu koordinatuan eta ziurtasun juridikoarekin kudeatzeko honezkero herritarrentzat nahiko itogarria den krisi egoera bat», azaldu du Lopez de Aberasturik.

EH Bilduk exijitzen die udalari eta Eusko Jaurlaritzari behingoagatik argitu dezatela zein den berme juridiko guztiak dituen legezko esparrua. Gainera, udal taldeak azalpenak eskatuko dizkio Urtaranen gobernuari ezagutzeko zeintzuk izan diren urratsak, bilerak eta hartutako erabakiak deseskalatze faseari ekin baino lehen.