AKTUALITATEA


| 2019-12-02 08:53:00

EH Bilduk Gorka Urtaran alkatearen ezohiko eta premiazko agerraldia eskatu du datorren astearteko Klimaren Aldeko Ekintzaren Batzordean. Miren Larrion buru duen alderdiak hiriko garbiketa zerbitzuaren kontratazio prozesuaren inguruko azken gertaerei buruzko azalpenak eskatuko dizkio alkateari.

«Urtaranek kosta ahala kosta lizitazio hau atera nahi izan zuen legealdiaren amaieran, korrika eta presaka, eta orain aurpegian eztanda egin dio. FCCrekin kontratua hautsita zegoela esan zitzaigun duela urtebete, baina FCCk jarraitzen du kobratzen eta nahi duena egiten. Alkateaz barre egiten ari dira, eta, okerragoa dena, Gasteizko hiritarrez barre egiten dute», adierazi du Larrionek.

Aipatutako prozesura aurkeztu ziren hiru enpresetatik bakar batek ere ez zituen betetzen baldintza-agiriko baldintzak. Orain, udal gobernuak, egoera horren aurrean, garbiketa-kontratua berriro lizitaziora ateratzeko borondatea erakutsi du.

Hala ere, EH Bilduk bere hasierako jarrera berretsi du eta berriro ere eskatu du Gasteizko garbiketa zerbitzuaren bermunizipalizazioa. Miren Larrionek adierazi duenez, “hondakinen kudeaketa eredua aldatzen ez dugun bitartean, zaborraren multinazionalen kapritxo eta asmoen menpe egongo gara. Nahikoa da iraganeko akatsak errepikatzearekin. Gertatukoak berresten du EH Bilduk beti defendatu duena: badela garaia bermunizipalizazio prozesu bati ekiteko, modu serio eta ordenatu batean”.