Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planaren zirriborroari 35 proposamen aurkeztu dizkio EH Bilduk. Neurri horiek dokumentua nabarmen «hobetzen» dute, eta koalizioak kontuan hartzea espero du. Rocio Vitero bozeramaileak azpimarratu duenez, «EH Bilduk, funtsean, bere burua ordezkatua ikusten du dokumnetuan. Gure jarrera asko eta azken bi legealdietan eskatu ditugun neurri eta proposamen asko jasota daudelako».
Ildo horretan, Viterok adierazi duenez, «Gasteizek egungo errealitateari erantzungo dion Plana merezi du, espazio publiko atsegin bat izango duena, non oinezkoek lehentasuna izango duten. Eta gure hiriak eta gure herritarrek dituzten premiei erantzungo dien mugikortasuna behar du ere, karbono-neutraltasunerantz aurrera egingo duena eta mugikortasun aktiboa eta garraio publikoaren alternatibak lehenetsiko dituena».
Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du plan berria Gasteizko errealitatera egokitzea, eta horretarako inkesta bat egin behar dela udal mailan, datu eguneratuak bildu ahal izateko. Eta, gainera, Plan berriak Udalean jarraipen tekniko-politikorako talde bat izatea proposatu du, gutxienez urtean bitan bilduko dena.
Viterok adierazi duenez, dokumentuan ez da aipatzen Gasteizko Mugikortasun Jasangarriaren Zentro berria, Goya gasolindegi zaharrean egongo dena eta EH Bilduren ekimenez aurrera aterako dena. Horregatik proposatu du EH Bilduk esparru horretan egin beharreko ekintzak ere sartzea eta zehaztea.
Proposamenak arloka
Mugikortasun aktiboari eta oinezkoei lehentasuna ematearen aldeko apustua egin du EH Bilduk. Hala, Jon Molina zinegotziak «ezinbestekotzat» jo du superetxadietarako ekintza-plan bat egitea, «orain arte bultzatutako neurri isolatuen eta ordenarik gabekoen aurrean, behingoz helburu zehatzak definituko dituena, eta esku hartzeko eremu eta elementu espezifikoak zehaztuko dituena». Ildo horretan, EH Bilduk Bizitegi Lehentasuneko Eremuak indarrean jartzearen eta garatzearen alde egin du, Alde Zaharretik hasita, auzoaren eraldaketa errazteko tresna gisa, oinezkoentzako gune seguru gehiago irabazteari begira, bizilagunen gozamenerako.
Bizikletari dagokionez, EH Bilduk bidegorrien sarea handitzea eta honen mantentze egokia egitea proposatu du. Gainera, formazio honek bultzatutako Mugibike bizikleten mailegu-sistema zabaldu nahi du, planaren zirriborro-dokumentuak aipatu ere egiten ez duena. «EH Bildun ibilgailuen flota eta karga- eta truke-guneak handitzearen aldeko apustua egiten dugu». EH Bilduk bidegurutzeetan edo trafiko handiko galtzadetan segurtasun elementuak sartzeko neurriak ere proposatu ditu. Besteak beste, semaforoen eta zebrabideen ondoan bizikletarentzako espazio propioak sortzea, eta semaforo -irteeran lehentasuna izatea. Gainera, mugikortasun jasangarrian genero-arrakala murrizten saiatzeko plan espezifiko bat egitea eskatu du, besteak beste, mugimendu feministarekin edo Emakumeen Etxearekin lankidetzan.
Garraio publikoa sustatzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk, auzo berriei eta industrialdeei arreta berezia eskainiz. Ildo horretan, Zabalganako tranbia Jundizeraino iristeko beharrezkoa den erakundeen arteko lana garatzea proposatu du. Era berean, Alaba Jeneralaren kaleko trafikoaren alternatibak aztertzea eta tranbian asteburuetan eta jaiegunetan gautxori zerbitzua eskaintzea eskatu du.
Garraio publikoaren barruan, TUVISAk aipamen berezia du; izan ere, EH Bilduk zerbitzua hobetzearen alde egin du, flota elektrifikatuz, ordutegia gaueko 11ak arte luzatuz eta lineen banaketa optimizatuz, bikoizketak saihesteko. Halaber, Buesa Arenako gaueko ekitaldiak egiten direnean, Tuvisako zerbitzu bereziak Goikolarrara eta Zabalganara luzatzea proposatu du.
Garraio publikoaren erabilera handitzeari begira, EH Bilduk beherapen sistemei eustea defendatu du, baita adingabeentzako garraio publikoaren doakotasuna pixkanaka handitzen jarraitzea ere. Eta langileentzat, "Bat Langile" txartela martxan jartzeko apustua egiten du, lantokietara garraio publikoan joateko.
Bestalde, «mugikortasun jasangarri baterantz aurrera egiteko garrantzitsua iruditzen zaigu EH Bilduren ekimenez martxan jarritako ibilgailuen elektrifikaziorako laguntza lerroak mantentzea eta indartzea», adierazi du Molinak. Halaber, interesgarritzat jo du carsharing edo partekatutako autoaren alokairuaren ideian sakontzea, Udalak gidatutako zero emisioko autoen alokairu publikoaren sistema ezartzea aztertuz. Ildo horretan, interesgarria litzateke aztertzea, adibidez, Emisio Baxuko Eremuetan eta Bizitegi Lehentasuneko Eremuetan bizi diren pertsonei carsharing sistema bat eskaintzeko aukera, bai sistema propio baten bidez, bai erabilera-espezifikotasun hori aurreikusten duen udal-mailako sistema batean txertatuta.
Azkenik, EH Bilduren ustez, TAOn ingurumen-irizpideak sartzearen eraginak eta ondorioak aztertu behar dira, arreta berezia jarriz eragindako pertsonen errentaren eta egoera sozialaren arabera sor daitezkeen desorekei. «Asmo oneko neurria izan daiteke, baina desoreka sor dezake errentan oinarrituta: zero emisio berriko autoak, nahi duten lekuan aparkatzeko baimenarekin, gutxieneko kostuagatik, eta errenta baxuak dituzten pertsonen auto zaharrak, errenta horretatik kanpo eta prezio osoa ordainduz», dio Molinak.