AKTUALITATEA


| 2019-12-16 11:26:00

EH Bilduk egiaztatu duenez, EAJk eta PSEk udal aurrekontuaren proiektuari aurkeztutako zuzenketek milioi bat euro inguruko igoera jasotzen dute gastu osoan. Funtsean, OHZ -Ondasun Higiezinen gaineko Zerga- eta EIOZaren -Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga- diru-sarreretan oinarritzen da 800.000 eurotik gorako hazkundea, bai eta bide-garbiketako zerbitzuaren kontratuaren gastu murrizketan ere, lizitazio-prozesua hutsik geratu izanaren ondorio zuzena baita.

Horrela, gobernuko alderdiek oposizioko taldeei jakinarazi ez dieten kontabilitatearen udal-zerbitzuaren birkalkulu berria baliatu dute, hauei garaiz eta modu egokian zuzenketetan erabili ahal izateko aukera ukatuz. "Normala da gobernuko alderdiek proiektua zuzentzea, izaera teknikoko zuzenketa batzuekin. Baina hau askoz haratago doa, hau da gobernuaren aurpegia salbatzen saiatzea aurrekontuak jaso dituen kritiken aurrean, ez dielako herritarren eskaerei erantzuten", azaldu du Miren Larrion EH Bilduko udal bozeramaileak.

Izan ere, iragarritako zuzenketetako batzuk Gizarte Kontseiluak Ogasun Batzordean egindako agerraldian eginiko eskaerei erantzuten diete. "Kezka horiek, aurretik, ez zuten islarik EAJ eta PSEren aurrekontu proiektuan, gerora erreakzionatu egin behar izan baitute, eta diru sarreren aurreikuspen berri bat atera dute", azpimarratu du Larrionek.

EH Bilduk zuzenketa epe berri bat ireki dadin eskatuko du bozeramaileen batzordean, udal talde guztiei gobernuak darabilen diru-sarreren aurreikuspen berria txertatzeko aukera emango diena.