EH Bilduk PSEri eta EAJri eskatu die Gasteizen bizikidetza demokratikoaren eta biktima guztien aitortza eta erreparazioaren aldeko apustu garbia egin dezatela, salbuespenik gabe. Zentzu horretan, EH Bildu Gasteizek kezka handiz ikusten du urriaren 12an Guardia Zibilia omentzeko ekitaldirako baimena eman izana eta, are gehiago, ekimen horretan parte hartzea.
EH Bilduren iritziz, ezin da hiriko kaleetan normalizatu estatu terrorismoaren biktimak eta milaka tortura kasu eragin dituen erakunde baten presentzia. Eusko Jaurlaritzak egindako txosten baten arabera, EAEn tortura eta tratu txarren 4.113 kasu dokumentatu dira, eta txosten horrek ohartarazten du delitu horien benetako eragina handiagoa izan zela. Horietatik 1.792 guardia zibilek egin zituzten. Datu horiekin, ezin da ulertu PSEk eta EAJk Gasteizen erakustaldi eta gorespen ekitaldi bat egitea ahalbidetzea, azken batean, torturaren biktima izan ziren pertsona horien guztien biktimarioen erakustaldi publiko bat.
EH Bilduk salatu duenez, Gasteizko Udal Gobernuak ez ditu biktima guztiak aintzat hartzen eta kategorizazio eta diskriminazio argi bat egiten du. Izan ere, ez da Udal Gobernuaren erabakiek Estatuaren indarkeriaren biktimak baztertu dituzten lehen aldia: bazterketa horren adibideak dira, besteak beste, memorial baztertzaile bat egitea, hiriaren urrezko domina memorial horri berari ematea edota bide publikoan plakak jartzea.
EH Bildu Gasteiz kezkatuta agertu da PSEk eta EAJk bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzan atzerakada nabarmena izan dutelako, bazterketarik gabeko biktima guztien aitortza alde batera utziz, kontakizun bakar eta baztertzailea bultzatuz.
Horregatik, EH Bilduk dei egiten die bi indar politiko horiei arlo horretan dituzten politikak berriz bidera ditzaten; izan ere, bakea eta bizikidetza eraikitzeko helburuak erantzukizun handia eskatzen die herrialdeko eragile politiko eta sozial guztiei, eta, bereziki, gobernu-ardurak dituztenei.