EH Bildu udal taldeak Gasteizko Udal Gobernuari Alaba Jeneralaren kalea eraberritzeko alternatiben azterketa bat egin dezala eskatu dio, besteak beste, autobusen trafikoa beste ibilbide batetik eramateko aukera baloratu dezan. Horrela, alderdi politikoaren asmoa erreforma «ez mugatzea gai estetiko edo zaratarekin lotutako gai batera» da, baizik eta hiriak dituen mugikortasun-erronkei ere erreparatzea.
Hainbat hobekuntza-obra egin dira, eta azkenekoak 420.000 euroko gastua ekartzeaz gain, era guztietako iritziak eta eztabaidak eragin ditu Udalean, azken emaitzaren estetika dela eta.Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak 2.5 milioi euroko inbertsio berria egingo duela iragarri du, itxura hobetzeko. EH Bilduk positibotzat jotzen du kalean egindako edozein hobekuntza, baina helburua hiriak dituen mugikortasun-erronka berrietan eta kalearen etorkizunean pentsatzea izan behar duela azaldu du, horrela, denbora gutxian berriro esku hartzea saihesteko.
Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, «Gasteizko hiriguneko oinezkoen kale nagusietako bati buruz ari gara; bertatik, gaur egun, 426 autobus eta 281 tranbia pasatzen dira egunero. Esan dezakegu, mugikortasun kolektiboaren ikuspegitik, kaleak muga jo duela. Maiztasun berriak sartzea ezinezkoa ematen duenez, beldur gara bizilagunek aspaldi nahi dituzten tranbia-handitze batzuk ezin izango ote diren gauzatu transbordora jo gabe, tranbia Zabalganara zabaltzearekin gerta litekeen bezala».
Hori dela eta, EH Bilduk erreforma berri honen aukera aprobetxatu nahi izan du gobernu taldeari Araba Jeneralaren kalearen pilaketari irtenbide posibleak aztertzeko eta egungo egoerari alternatibak bilatzeko eskatzeko. Are gehiago, testuinguru horretan, CEAk (Ingugiro Gaietarako Ikastegia) 2026-2030 Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana egiteko izapideak hasi dituenean. Dokumentu hori baliagarria izan behar da mugikortasun iraunkorrarekin lotutako erronka berriak nola bideratu zirriborratzeko, krisi klimatikoaren eta beharrezko trantsizio energetikoaren testuinguruan. Aukera berri bat espazio publikoa eta trafikoa norantz berritu behar ditugun hausnartzeko, edo General Alabak autobusen eta tranbien pasabidea partekatzen jarraitu behar duen ebaluatzeko, tranbia-sarea etorkizunean garatzeko dakarren mugarekin.