Gasteizko Udal Gobernuak gaur aurkeztu du 2025. urterako udal aurrekontuetarako proiektua; aurreko urtean baino 16 milioi euro gehiago, hau da, % 3,5eko igoera. Igoera hori Euskal Herria Bilduk, PSEk eta EAJk ordenantza fiskalen arloan lortutako akordioari zor zaio. Datozen egunetan jakinaraziko dira xehetasun guztiak gobernu taldearen agerraldietan.
EH Bildu udal taldeak Ordenantza Fiskaletan lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du, akordio horrek 2025erako aurrekontua ez izoztea -edo murriztea- ahalbidetuko duelako. Izan ere, aurrekontuko diru-sarreren partida nagusia gasteiztarrek Arabako Foru Aldundiari ordaintzen dizkioten eta Udalak Fofel bidez jasotzen dituen zergei buruzkoa da, eta ez du inolako gehikuntzarik izango, ekitaldi honetan Aldundiari itzuli behar zaizkion 7,5 milioi euroak direla eta. Jaso gabeko kenkariei buruz mutualistei arrazoia eman zien epaiaren emaitza da udal-kutxak jasoko duen «kolpe» hori. EH Bilduk azpimarratu du, beste behin ere, «zerbitzu publikoak mantendu eta zabaldu ahal izateko diru-sarrera propioak izateko beharra».
Rocío Vitero, talde politikoaren bozeramailek, honakoa adierazi du: «Aurrekontuak tresna eraginkorra dira, eta norabide aurrerakoi bat eskaini behar dute, proiektu eraldatzaileekin eta eskubideetan eta zerbitzuetan aurrera egiteko proiektuekin. Herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko politika publikoak sustatu behar dituzte, bai eta gehien behar duten pertsonen babesa ere. Euskal Herria Bildu akordioetan dagoenean, herritarrek irabazten dute».
Era berean, EH Bilduk gogora ekarri nahi izan ditu etxebizitzaren, trantsizio ekosozialaren edo merkataritza dinamizazioaren alorrean izan diren lorpenak, besteak beste, Euskal Herrian Energia Komunitateak sortzeko egin den laguntza deialdi handiena gauzatzea edo Barrenkale Kalean gazteentzako bloke baten eraikuntza aurrera eramatea ahalbidetu dutenak. Horrela, bada, udal taldeak 2025erako aurrekontuek «aurten abian jarritako proiektu eta politiketan sakontzen» lagunduko dutela espero du. Horregatik, aurrekontuetan «aztertzeko, hitz egiteko, negoziatzeko eta akordio batera iristeko» borondatea agertu dute, baldin eta aurrekontuetan zainketak eta gizarte-babesa, energiari, eta mugikortasunari buruzko erronka berriak, tokiko ehun sozioekonomikoaren etorkizuna eta kultura-, hezkuntza- eta kalitate-eskaintza publikoa kontuan hartzen badira.
Nolanahi ere, talde politikoak egungo proiektua «sakon aztertzea» eta «modu diskretuan lan egitea» garrantzitsua dela adierazi du, herritar guztiak irabazle ateratzeko akordio bati esker.