Vitoria-Gasteizko Udalak gaueko arreta emateko Aterpe udal-zerbitzuan hobekuntza-lanak hasi ditu. Zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeen gunea erosoagoa izango da, espazio integral bihurtuko baitute. Gainera, gizonezkoentzako plaza kopurua birekin handituko da eta irisgarritasuna eta isolamendua hobetuko dira. Halaxe azaldu dute gaur goizean Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royero eta EH Bilduren Gasteizko bozeramaile Rocío Viterok. Hain zuzen ere, udal-talde horrek 2024ko udal-aurrekontuarekin lotutako zuzenketa aurkeztu zuen eta horri esker egingo dira erreformak.
Zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeei arreta emateko eremua hobetu, gizonezkoentzako plaza kopurua handitu eta irisgarritasuna eta isolamendua bermatuko dira. Udal-taldeak eta EH Bilduk hitzartutako aurrekontuen zuzenketari esker finantzatuko dira eta 200.000 euroko zenbatekoa izango dute.
Aterpera bideratuko den ekarpen ekonomikoa 200.000 eurokoa da eta PSEren, EAJren eta EHU Bilduren arteko aurrekontu-akordioari esker egin da. Lan horien bidez, alde batetik, emakumeentzako eremuan, duela lau urte egokitutako eremuan, espazio, pribatutasun eta erosotasun gehiago lortzeko beharrezkoak diren bitartekoak prestatuko dituzte. Zehatzago esanda, Mantentze Zerbitzua eremu diafano batean ari da lanean, eta bertan office-sukaldea eta egongela egokituko dira. Emakumezkoentzako eremuak bost plaza ditu.
Bestalde, gizonezkoen eremuko espazioak berriro banatuta, logela berria lortuko da bi plaza gehiagorekin. Bestalde, arreta pertsonalizatua eskaintzeko gunea ere egongo da. Horretarako, trenkada-multzoekin, elektrizitatearekin eta abarrekin lotutako lanak egiten ari dira. Horiek egiteko, ez dago zentroa itxi beharrik eta lan gehienak Eguberri aurretik amaituta izatea espero da.
Emakumeen eta gizonen eremuetan egingo diren bi jarduketa horiez gain, datozen hilabeteetan leihoak aldatzea aurreikusi da, eraikinaren isolamendua eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko. Gainera, pintatze-lanak egingo dira eta eraikineko eskaileraren irisgarritasuna hobetuko da segurtasun-eskudel berria jarrita. Bestalde, barruko patioan ere egingo dituzte lanak, fatxada zaharberritzeko, pintatzeko eta argi-zulo berri bat jartzeko lanak egin ahal izateko. Hobekuntza-lanak osatzeko, gainera, altzari batzuk berrituko dituzte. Lanak lizitazio-prozesuan daude.
Lucho Royero, Gizarte Politiken zinegotzia, pozik agertu da lortutako akordioari esker, Aterpen zaharberritze-lanak egin ahal izango baitituzte. «Udalak urteak daramatza Aterpe gaueko arreta-zerbitzuan hobekuntzak egiten. Garrantzitsuenean, 2018an egindakoan, igogailu bat gehitu zuten. 2021ean, aldiz, kanpoko fatxada berritu zuten. Oraingoan, espazioak berriz diseinatuta eta irisgarritasuneko eta isolamenduko hobekuntzak eginda, espazioa, argitasuna eta erosotasuna hobetuko ditugu eta erabiltzaileei baldintza hobeetan eskaini ahal izango diegu arreta», adierazi du.
Bestalde, Rocío Viterok, EH Bilduko bozeramaileak, aipatu duenez, «gure lehentasunetako bat zen Aterpe barruan emakumeei arreta emateko erabiltzen dugun gune espezifikoa hobetzea; izan ere, ondo dakigu egoera berbera izan arren, emakumeek bizi dituzten arriskuak ez direla berberak izaten. Hori dela eta, Aterpe barruan, banakako logelak eta krisi-egoeretarako gune independenteak egokitu, eta zaurgarritasun-egoeran dauden emakumeentzako arreta indartzeko lanak egin behar ditugu».
Aterpeko zerbitzuak
Aterpe Goiuriko plazan dagoen ekipamendua da eta bazterkeria-egoeran dauden pertsonei (batez ere iragaitzazko bidariei eta etxerik gabekoei) gaua eman ahal izateko tokia, mantenua, higiene pertsonala eta arropa-garbiketako zerbitzua eskaintzen dizkie. Gaur egun, 30 lagunentzako tokia du (baina, obrak egin ostean, 32 izango dira). Urteko egun guztietan egoten da zentroa irekita, arratsaldeko 20:00etatik 13:30era, eta Udaleko Gizarte Zerbitzuek bideratzen dute bertara, edo bestela, gau baterako, zerbitzura bertara jo daiteke, lekurik bada.
2023an, 88 pertsona artatu zituzten zerbitzuan. Iaz, guztira, 8.675 erabilera izan zituen zerbitzuak, eta okupazio-indizea % 96,78koa izan zen. Erabiltzaileen profilari dagokionez, arreta jasotako 88 pertsonetatik, 23 emakumezkoak izan ziren; 26 pertsona 18 eta 30 urte arteko gazteak izan ziren, eta batek bakarrik zituen 65 urte baino gehiago.