AKTUALITATEA


| 2020-02-10 12:50:00

EH Bilduk Ana Oregi Lurralde zinegotziaren saileko espediente bat atera du argitara, eta bertan jasotzen denez, Urtaranen gobernuak iragarri zuen obra baldintzatuen lizentziak ez du Aldaialde HLHIko obrak egiteko baimenik ematen. Horrek beste atzerapen bat dakar gaur egun seme-alabak zentro horretan matrikulatuta dituzten 250etik gorako familientzat.

Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak salatu duenez, "Espediente horren arabera, lanak ezingo dira egin lurperatzearen ikerketa informatiboa baztertu arte. Aldaialde HLHIrentzat atzerapen berri baten aurrean gaude, eta, larriagoa dena, gobernuak familiei informazioa ezkutatu die beste behin ere".

Lurralde Sailak igorritako espedienteak grafikoetan jasotzen duenez, eraikinaren, euri-uren eta ur beltzen kolektorearen eta, oro har, saneamendu-sarearen zati bat lurperatzearen informazio-azterketak ezarritako Trazaduraren Babes-eremuan kokatzen ditu. Espediente horrek honako hau jasotzen du:

"Adif enpresak emandako eta udal honetan jasotako ebazpenaren arabera, egungo lizentzia honek ez ditu jasotzen indarrean dagoen 'Trenbidea Gasteizen integratzea' informazio-azterketak ezarritako trazadura babesteko eremuan proiektatutako obrak. Obra horiek ezingo dira gauzatu informazio-azterlan hau baztertu arte".

Izan ere, trenbide-sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen arabera, "Jabego publikoko eremuan obrak edo instalazioak soilik egin ahal izango dira, tren-azpiegituren administratzaileak baimena eman ondoren, tren-zerbitzua emateko beharrezkoak direnean edo interes orokorreko zerbitzu bat emateak hala eskatzen duenean".

EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak jakitera eman du espedientea, hain zuzen ere, Hezkuntzako Arabako ordezkari Blanca Guerrerok udaletxean agerraldia egin behar zuen egunean. "Eskandalua da informazio hori ezkutatu izana, eta are gehiago, Hezkuntzako Arabako ordezkariak gertaera larri honen aurrean azalpenik ez ematea. Noiz arte izango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Urtaranen gobernuak familiak itxaroten?", salatu du Larrionek.