AKTUALITATEA


| 2025-11-07 13:14:00

21 Zabalguneak Goya gasolindegi zaharra mugikortasun jasangarriaren gune erreferente bihurtzeko deitutako proiektu-lehiaketak 22 proposamen jaso ditu. Baliteke azken kopurua beste proposamenen batekin ugaritzea, epea amaitu baino lehen Correoseko bulegoren batean gordailutu bazuten.

 

Lehiaketaren hurrengo urratsa adituen 5 epaimahaikideentzat izango da. Haiek aukeratu beharko dituzte Cadena y Eleta kalean dagoen eraikin historiko eta berezi hau berregokitzeko 3 ideiarik onenak.

 

Hiru proposamen horietako bakoitzak 5.000 euroko saria jasoko du eta amaitutzat emango dute proiektuen lehiaketaren lehen fasea. “Lehenengo hautaketa hau garrantzitsua da, etorkizuneko Goya gasolindegia nolakoa izango den jakiteko pista bat emango digulako; izan ere, horietatik aterako da azkenean gauzatuko den ideia”, azaldu du Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak.

 

Bestalde, EH Bilduko bozeramaile den Rocio Viterok ziurtatu duenez, “jasotako proposamenen kopuruak berretsi egiten du Goya Geltokiak mugikortasun jasangarriaren erreferente gisa berriro irekitzeak piztu duen interesa. Hamarkada bat baino gehiago itxita daraman espazio hau bizitzaz bete dadin pausoak ematen jarraitzen dugu, eta hau guztia, espazio honen esentzia galdu gabe: jasangarria, osasuntsua eta segurua den XXI. mendeko mugikortasunaren erreferente bihurtuz, udalerriaren deskarbonizazio-helburuekin bat datorrena”.

 

 

Bigarren faseari begira, hautatutako hiru planteamenduek Goya eraikinerako ideia garatu beharko dute memoria eta proposamen grafiko baten bidez. Bertan, ekipamenduaren edukiak aurkeztu beharko dira.

 

Berregokitzea diseinatzeko garaian, proposamenek eraikinaren barruan hainbat gune jaso beharko dituzte: hala nola harrera-gunea, informazio- eta arreta-gunea eta lanerako eremua, gehienez 6 bulegorekin eta bilera-gela batekin. Gainera, liburuxkak eta kontsultarako materiala gordetzeko lekua ere izan beharko du.

 

Goya eraikina berregokitzeko proiektu-lehiaketa honen garapena 21 Zabalgunea sozietatean gobernu-taldeak, PSE-EAJk, EH Bildurekin lortutako akordioaren emaitza da.