AKTUALITATEA


| 2020-03-10 19:06:00
Elgoibarko EH Bildu oso kezkatuta dago jendaurrean agertzen ari diren hainbat informaziorengatik eta gure udalerriko San Antolin auzoan dagoen ur-araztegiaren inguruan bizi diren bizilagunengandik iristen ari zaizkigun kexengatik. Joan den otsailaren 16an, Zaldibarko zabortegian lanean ari zen kamioilari baten testigantza irakurri genuen Berria egunkarian. Testigantza horren arabera, San Antolingo araztegira eramaten ziren aipatutako zabortegitik zetozen lixibiatuak. Harritu egiten gaituen gertaera bat, zabortegi horrek ez baitio zerbitzurik ematen Zaldibarko udalerriari. Bestalde, San Antolin auzoko bizilagunek kexa batzuk helarazi dizkigute. Gure ustez, kexa horiek zuzenean lotuta daude San Antolingo araztegian arriskutsuak izan daitezkeen substantziak tratatzearekin. Araztegiaren inguruetan bizi diren bizilagunek adierazi digute badirela egunak urak tratatzeko azpiegituratik gasak ateratzen direla, badirela egunak arnasa hartzeko zailtasunak dituztela, ahotsa hausten zaiela, beren eztarriak sufritzen dutelako... Eta ikusi dutela urak isurtzen direla ibai mugakideetara. Ez da gai berria. San Antolingo bizilagunek urteak daramatzate gai hau erakundeei salatzen, baina oraindik ez dakite zergatik gertatu zaizkien ondorio horiek, beti ukatu izan baitzaie egindako azterketen emaitzak ezagutzea. Horren harira, Elgoibarko EH Bilduk hainbat dokumentu eta informazio eskatu dizkie erakunde eskudunei. Jakin nahi du ea araztegia arriskutsuak izan daitezkeen substantziekin lan egiteko egokituta dagoen, ea araztegian sartzeko eta irteteko kontrolak dauden, ea araztegiak zerbitzurik ematen ez dien beste udalerri batzuetako urak har ditzakeen, ea aldian-aldian airearen eta uraren kalitatearen kontrolak egiten diren... Era berean, administrazioei eskatu die araztegiko uren sarrera- eta irteera-kontrolen emaitzak, egin ziren inguruko airearen kalitatearen kontrolen emaitzak baina ez ziren inoiz emaitzak ezagutu. Amaitzeko, EH Bilduk Deba ibaiko uraren kalitatea aztertzeko eskatu dio Ura Agentziari; izan ere, zabortegia erori eta gero, dioxinak eta furanoak atzeman zituzten zabortegiaren inguruan. Deba ibaian dioxinen presentzia neurtzeko eskatu dio EH Bilduk Ura Agentziari.