AKTUALITATEA


| 2025-08-02 05:55:00

Ikasturte honetan EH Bilduk jarrera propositiboa baina kritikoa mantendu du. Azken txanpa honetan arreta berezia jarri dugu zerbitzu publikoen kudeaketa egokiaren garrantzian eta herritarren arteko berdintasun printzipioan:

- EH Bilduren mozioa: Garraio zerbitzu publikoak:

Aurreko iragarpenetan aipatu bezala, azken plenuan EH Bilduren mozioari gobernu taldeak kontramozio bat aurkeztu zion, orain arte ezer gutxirako balio izan digun beste erakunde batzuekin hitz egiten jarraitzeko konpromiso hutsarekin, jasaten ari garen murrizketen aurre egiteko behar ditugun helburu edo estrategietaz hitz egitea saihestuz. EH Bilduk kontramozioaren kontra bozkatu zuen.

- Udal Lanpostuen Zerrendaren eguneraketa:

Azken osoko bilkuran udaleko lanpostuen eguneratzea onartu genuen, hauek udalaren behar teknikoetara egokitzeko. Eguneraketa modu positiboan baloratzen dugun arren, kezkagarria deritzogu ingurumen-teknikariaren lanpostuak oraindik bete gabe jarraitzea, ingurumenarekin lotutako gaiak planifikatzeko eta gainbegiratzeko gure gaitasuna murrizten duelako.

- Segurtasun neurriak jaietan:

Udak jai giro orokor batean murgiltzen gaitu, baina pertsona guztiek ez dute modu berean egiten. Udalak jaietan dendetako erakusleihoak estaltzeko ardura bere gain hartzea birpentsatu duela jakitea albiste ona da. Espero dugu erabaki honek berdintasun printzipioa bermatzea eta merkatari guztien kezka neurri batean gutxienez arintzea.

Ondo ospatu jaiak. Hurrengo ikasturtearen hasieran ikusiko dugu elkar.