Azaroaren hasieran, Elgoibar hobea gogoan eta ekitatea, partaidetza eta zerbitzu publikoen indartzea helburu, proposamena luzatu genien Gobernu Taldea osatzen duten PNV eta PSE alderdi politikoei haiek eta gure artean aurrekontu proposamen bateratua lantzeko.
Sei gai proposatu genituen negoziazioaren ardatz gisa: Herribusa hedatu eta doakoa izatea, ur publikoa landa auzoetara eramatea, ingurumen teknikaria kontratatzea, lur publikoak hedatzea, komun publikoak ugaritzea eta etxebizitza politika sakon berrikustea. (Ikus, zehaztasun gehiagorako: https://ehbildu.eus/herriak/elgoibar/albisteak)
EAJk baietz erantzun zion negoziazio-prozesu bat hasteari, non bi aldeok gure proposamenak zehazteko eta gure akordioak eta desadostasunak adierazteko aukera izan dugun.
Horrelako prozesuak kasu guztietan beharrezkoak eta positiboak iruditzen bazaizkigu ere, esan behar dugu oraingoan ez dela gutxieneko akordiorik lortu udal gobernuaren aurrekontu proposamena babestu ahal izateko.
Positibotzat jotzen badugu ere planteatutako sei lan-arloak aintzat hartzea eta proposatutako helburuetan orokorrean bat etortzea, ezin dugu inolaz ere nahikotzat eman:
Arlo bakoitzean , ez egutegiari ez aurrekontuei dagokienez, konpromisorik ez hartzea eta horren ordez borondate oneko adierazpenak baino ez egitea.
Proposamen oso zehatzei ez erantzutea (Herribus zerbitzuaren doakotasuna, etxebizitza hutsen errekargua...), erraz gaindi zitezkeen arrazoiak alegatuz.
Aurrekontuen arloa proposamen eta neurri zehatzen eremua da eta beraz, edozein hitzarmenek zehatza behar du izan, kuantifikatua eta denboralizatua. PNV eta PSEren erantzunak gutxi du horretatik funtsezkotzat jo ditugun gaietan eta beraz, 2024rako Gobernu Taldearen aurrekontuei ezezko botoa eman diegu