AKTUALITATEA


| 2022-12-14 09:51:00

 

Legebiltzarreko Debabarrena Suspertzeko Ponentziaren harira, EH Bilduk bultzatuko dituen proiektuak aurkeztu ditugu. Gehienek eragin zuzena izango lukete Elgoibarren.

Eskualdeko pobreziari aurre egitea, lan aukerak ugaritzea, lanpostuen kalitatea hobetzea eta bizi kalitatea hobetzea nahi dugu, beti ere garapen sozioekonomikoa, ekitatea, herrien arteko oreka eta muturreko ezberdintasun sozialen murrizketa buruan.

Industria dagokionez, EH Bilduk Elgoibarko IMHk aurkeztu duen “Industria 4.0rentzako formazio, demostrazio eta zerbitzu zentro bat” sortzeko proposamena bultzatuko dugu. Gehitze-fabrikazioa, IoT, datu analitika, sentsorika eta adimen artifizialean oinarrituta, formazioa eta zerbitzu aurreratuak eskainiko lituzke mundu zabalean.

Mugikortasuna hobetzeko, eskualdean garraio publikoa indartzera bideratutako proiektu sorta anbiziotsua mahaigaineratu dugu: Ermua-Elgoibar tranbia Debaraino luzatu eta maiztasuna 10-15 minutukoa izatea; Elgoibarko Arriagan tren geltoki berria egitea Altzolak galduko duena ordezkatzeko eta gune industrialari zerbitzu emateko; Maltzagan eta Eibarren gune intermodalak eraikitzea; azkenik, eskualdeko bidegorri sarea bukatzea (Deba-Elgoibar, besteak beste).

Auzoguneak eraberritzearen atalean, EH Bilduk zahartutako etxebizitza multzoak berritu eta egokitzera bideratutako inbertsioak handitzea planteatuko du Legebiltzarrean. Birgaitze-bulego publikoak ere irekiko lirateke. 

"Laneratzea" atalean, berriz, lan orientaziorako zerbitzuak indartzea proposatzen du, bulego finkoak sortuz Eibarren, Ermuan eta Soraluzen (langabezia altuena duten herrietan). 

Zaintzari dagokiona da proposamenen artean txertatu dugun beste ataletako bat eta arlo honetan proposatzen duena da "Bizitza osoan zeharreko zaintza zerbitzua birdefinituko lukeen plan estrategiko bat diseinatzea".

Azken ataletan lehen sektoreari dagozkion bi proiektu. Lehena, Mutrikun akuikultura "poloa" garatzea, zeinak arlo horri dagokion formazioa, ikerketa, ekintzailetza, eta ekoizpena landuko lituzkeen. Bigarrena, nekazaritza eta abeltzantzari loturik, gure proposamena "antolaketa komunerako aukerak" handitzea da, bailarako hiru edo baserri gehiago esplotazio amankomunean biltzea nahiko balute eskala-ekonomiak hobetzeko, diru laguntza bereziak bideratuz.

 

http://ehbildu.eus/herriak/gipuzkoa/dokumentuak/EU_1670241115.pdf