AKTUALITATEA


| 2024-05-03 13:33:00

Apirilean izandako gertakarien artean hiru gai nabarmendu nahiko genituzke:

1-EH Bilduren hauteskundeen emaitzak

Apirilak 21eko hauteskundeetan EH Bilduk lortutako emaitzak bikainak izan dira. Elgoibarren 2.149 boto lortu ditugu, orain arte lortutako boto kopururik handiena, EAJ alderditik 13 botora geratuz.

Eskerrak eman nahi dizkiegu EH Bildurengan konfiantza jarri duten herritar guztiei. Arlo publikoa lehenetsiz etorkizuneko erronkei ikuspegi ezkertiar eta abertzale batetik aurre egitea eskatzen duten herritarrak gero eta gehiago direnaren adierazle.

2- Herriko Antzokiko langileen greba

Herriko Antzokiko langileek eta Aisilan enpresak 2023an lan-baldintzak eta soldatak hobetzeko hitzarmena sinatu zuten arren, enpresak ez du akordio hori bete nahi izan. Sinatutakoaren defentsak langile horiek grebara eraman ditu apirilaren 11tik aurrera. Harrezkero, Elgoibarren ez dago antzerki eta zinema emanaldiez gozatzeko aukerarik.

EH Bilduk azken osoko bilkuran gobernu taldeari egindako galderaren aurrean, grebaren aurrean bere jarrera eta jokabidea azaldu beharrean, galdera egiteko dugun motibazioa zalantzan jartzen jardun zuen, modu guztiz desegokiak erabiliz.

Kezkatuta gaude egoera hori desblokeatzeko Udalak jarrera pro-aktiborik ez izateak arazoa luzatzea ekar dezakeelako, langileen eta kulturaz gozatu nahi duten kultur eragileen eta herritarren eskubideen kaltetan.

3-Gazteentzat alokairurako udal laguntzak

Legegintzaldi honetan zein aurrekoan, EH Bilduk etxebizitza politika globala eta eraginkorra garatzeko beharra azpimarratu du.

Gazteentzako etxebizitzak alokatzeko laguntzei dagokienez, egiaztatu da urtez urte laguntza horien deialdiak ia hutsik geratzen direla. Argi dago laguntza hauen oinarriek ez dietela gure herriaren behar ekonomiko eta sozialei erantzuten.

Gobernu-taldeak, azken urteetan lortutako emaitza kaskarren jakitun, deialdia bere horretan mantentzea erabaki du, dirulaguntza horien baldintzak handitzeko edota eguneratzeko aukera zabaldu gabe. Kezkagarria izateaz gain, erabaki honek adierazten du Elgoibarren etxebizitza-politikarik ez dagoela eta udal-gobernuaren (EAJ-PSE) anbizio politikorik ez dagoela.