AKTUALITATEA


| 2024-04-10 13:58:00

EAJ-PSE gobernuak posta-etxean Kultur Etxea egiteko zegoen bigarren aukera bideragarria ezkutatu du. Eta horrekin batera, udaberriko oporraldia baliatu du 1,5 milioi euroko dirulaguntzari uko egiteko.

 

Jakina da, egungo gobernuko alderdiek ez dutela Sekula Kultur Etxearen proiektuan sinetsi. Durangoren eta durangarren behar kulturalak alboratzen dituzte uneoro eta Correos eraikinaren kasuan, beti nahiago izan dute eraikina eraistea herritarren eskuetan utzi baino.

 

Proiektua bertan behera uzteko aitzakia gisa, Eusko Jaurlaritzaren ondareari buruzko txosten bat erabili dute, zeinak planteatutako jatorrizko proiektuak eraikinaren diskordantziak konpontzen ez dituela adierazten duen. Hori oinarri hartuta, EAJk ondare-baimena zuzentzeko eta konpontzeko planteatutako irtenbide teknikoetako bati buruz baino ez du hitz egiten.

 

Egia ezkutatzen dute. Irtenbide gisa eraikina eraistea baino ez dute planteatu, eta adierazi dute ez lukeela denborarik emango dirulaguntza justifikatzeko. Beste aukera ahaztu zaie: 3. solairuko altuera jaistea. Egingarria izateaz gain, ez luke atzerapenik ekarriko, hasieratik aurreikusita baitzegoen teilatua osorik ordeztea.

 

Horrela, beren interes alderdikoiak Durangoko beharren gainetik jartzen dituztela deritzogu. Konponbide bideragarri bat aurkeztu beharrean, proiektua ez egitea eta dirulaguntzari uko egitea erabaki baitute.

 

Ez dugu ulertzen nola egin dakioken uko 1,5 milioiko dirulaguntza bati. Solairu bat jaistearekin kostu txiki bat gehituta ere, kultur etxe bat lortuko genuke prezio baxu batean, eta Durangon usteltzen ari den beste eraikin bat berreskuratuko genuke. Izan ere, bada aipatzekoa, nola EAJren gobernuek 20 urtez mantendu duten Correos eraikin zaharra erabilera eta zaintzarik gabe. 

 

Gauzak hala, gobernu honen aldetik arduragabekeria ikaragarria iruditzen zaigu 1,5 milioiko dirulaguntzari uko egitea, aitzakia eskasak jarrita. Gutxi balitz, herritarrei errealitatea ezkutatuta.

 

EH Bilduk abian jarritako guztia suntsitzen saiatzen dabiltza eta EAJren obsesio horretan gainkostu oso handiak eragiten dituzten tokiko interesen aurkako konponbide ilogikoak planteatzen dituzte. Alternatiba gisa, Pinondo etxea eraberritzea proposatu dute. Ahaztu egiten zaie aipatzea udalak Pinondo etxea birgaitu ahal izateko 3 milioi euro baino gehiago beharko lituzkeela (1,5M€ egiturazko errefortzua, 2M€ barrualdearen egokitzea). Sekula beteko ez den EAJren beste promesa bat izango da. Ez aipatzearren, jeltzaleen politikek hiltzen utzi duten beste eraikinetako bat dela Pinondokoa.

 

Azken urteotan, EH Bildutik, konponbideak planteatu dizkiegu EAJk hamarkadetan hondatuta utzi dituen eraikin askori, erabilera sozialerako berreskuratu gura izan ditugu, batzuen egikaritzea lortuta, estaerako; Ezkurdi pilotalekua, Muruetatorre baserria, San Faustoko Kapitanena baserria, Intxaurrondoko eskola edota Andra Mariko elizpea. Horrez gain, posta-etxe zaharra kultur etxea bihurtzeko eta honen berreskuratzeko lanak hasiak genituen jada (eta dirulaguntza lortuta). Era berean, Trenbiderako Eusko Jaurlaritzarekin egindako aurreakordioan, Durangoko beste bi eraikin enblematiko berreskuratzea planteatu genuen, hala nola, San Agustin Ospitale zaharra edota Pinondo etxea; toki horietan zuzkidura-etxebizitzak, partekatutako espazio komunak dituzten etxebizitzak eta erabilera anitzetarako gelak egiteko. Azkenik, merkatu plaza berreskuratzeko proiektua egitea ere aurreikusita geneukan.

 

Ez dugu ulertzen EAJk zertara jokatzen duen bere erabakiekin, edo zer duen ondare publikoa berreskuratzearen eta ondare hori herritarren esku jartzearen aurka. Nahiago dute milioi askoko dirulaguntzak ukatu, eta eraikinak hondatuta eduki, horiek durangarrentzat berreskuratzea baino.