Legegintzaldi erdia pasa da eta unea da balantze serio bat egiteko. Bi urte igaro dira EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituenetik, baina EAJ eta PSE Alderdi Popularrarekin aliatu ziren, eta Durangarren ongizatean helburu izango zuen gobernu baten ordez, alderdien interes partikularretan oinarritutako gobernua jarri zuten martxan.
Udal gobernu hau aurreko aldaketaren gobernuak utzitako errentetatik bizi izan dela esan dezakegu, aurreko legegintzaldian abiatutakoak baitira orain arte garatu diren proiektu gehienak: Trenbide zaharraren trazatua, Antso Estegizen birgaitzea, indarkeria matxistaren kontrako unitatea, auzo bilerak, aurrekontu parte hartzaileak… Guztiak aurreko legegintzaldian hasitakoak.
Bestalde, hainbat dira geldirik eta aurrera egin ezinda dauden proiektuak: Tabirako aldagelak, Correos eraikineko Kultur Etxea, San Faustoko auzo etxea, PERI proiektua… Euskararen arloan, esaterako, atzerapauso nabarmenak eman dira. Bizi dugun testuinguru politiko eta sozialean, aurrera ez egitea atzera egitea da.
Prentsaurreko eta argazki ponposoen atzean, edukirik gabeko titularrak saltzen galdu du denbora asko gobernu honek. Alderdi Sozialistako alkateordeak berak aitortu izan du udaleko zenbait arlo paralisian daudela.
EH Bildutik oposizio eraikitzailea egin dugu bi urte hauetan, etengabe proposamenak eginez. Horietako hainbat martxan jartzea lortu dugu, Ortu ludikoak, Herri hezitzailea dinamika, Energia Komunitateak bultzatzeko diru partidak edo Etxebizitza mahaiaren sorrera, esaterako. Beste batzuk, ordea, ez dugu gobernuak onartzerik lortu, eta horietan ekinean jarraituko dugu. Herritarren interesak defendatuz, oposizio eraikitzailea eta gobernuaren fiskalizazio zorrotza konbinatuz.
EH Bildu eta ordezkatzen dugun proiektu politikoa inoiz baino indartsuago gaude. Zinegotzi taldeaz gain egitura politiko sendoa dugu eta askotariko herritar taldeekin harreman estua. Gero eta gehiago gara, gero eta prestatuago gaude eta herri hau eraikitzen jarraituko dugu, elkarlanean.