AKTUALITATEA


| 2023-06-15 07:42:00

Hauteskunde biharamunetik, Durangorentzat gobernu ahalik eta onena osatzeko harreman-txandari ekin genion. Lehen indarra garenez, EAJrekin, PSE-EErekin bilera ez formal batean eta Herriaren Eskubidearekin bildu gara, denen proiektu eta proposamenak entzun, eta gureak partekatzeko. 

Durangon erronka estrategiko ugari ditugu. Horietako bat eta, duen tamainagatik, garrantzitsuenetarikoa izan daitekeena, trenaren lursailetako proiektua da: PERI ezaguna. 2021ean herri-galdeketa antolatu genuen, eta boz-emaileen %94ak 5 dorreen espekulaziozko proiektu zaharra atzera botatzea erabaki zuen. Guk badugu aurrera begirako soluzioa, eta gauzatzea posible da. 

Horregatik, galdeketaren ostean, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen hasi, eta akordio ona lortu genuen: parkearen eta eremu berdearen tamaina handitzea; etxebizitza kopurua gutxitzea; eta etekin ekonomikoak helburu sozialetara bideratzea. Izan ere, gure herrian etxeak alokatzeko dagoen arazo larriaren aurrean, alokairu sozialera bideratutako 240 BOE egitea adostu genuen. Akordio horren alde egin dugu EH Bilduk, PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak. 

EAJko zinegotziekin hauteskundeen ostean egindako batzarrean, zera adierazi ziguten: trenaren lursailetan 5 dorreen PERI proiektu zaharrera bueltatzea nahi dutela, herritarrek proiektu hori atzera botatzea erabaki zuten arren. Baina hori zela beraientzako marra gorria. Gure ustez, durangarrek ez lukete ulertuko berriz ere iraganera itzultzea, hau da, inork bozkatu ez duen 5 dorreen proiektura itzultzea. 

Horren aurrean, EH Bildutik akordio zabal eta aurrerakoia proposatzen diegu PSE-EEri eta Herriaren Eskubideari, PERI proiektu berria erdigunean jarrita: parkea, berdeguneak eta etxebizitza sozialak egitea, eta programa aurrerakoian oinarritutako akordio zabala; durangarren gehiengoak hauteskundeetan babestu duena, hain zuzen. 

Zein da beste aukera? EAJk eta PPk botoak batzea hauteskundeetan boto gehien lortu duen proiektu aurrerakoiaren aukera kanporatzeko; EH Bildu eta Ima Garrastatxu kaleratzeko. Zein programa-oinarri dauka, alkatetza lortzeko helburu bakarrarekin, EAJ PPren botoen menpe jartzeak? Zein egonkortasun berma dezake Bilbotik etorri eta gorroto-mezuak eta gezurrak zabaltzen dituen ultraeskuindar bati Durangoko alkatea nor den erabakitzeko botere guztia emateak? 

Gauzak horrela, Durangoren gobernagarritasunerako, bi aukera daude: EH Bildu, PSE-EE eta Herriaren Eskubidearen arteko akordio aurrerakoi zabala; ala PPren menpeko aliantza eskumatarra. 

Egoera edozein dela ere, EH Bilduko 9 zinegotziok sendo lan egingo dugu Durangoren eta durangar guztien alde, Ima Garrastatxurengandik hasita. Gu ere durangarrak garelako, hemen bizi eta lan egiten dugulako. Durango maite dugulako. Hori da gure konpromisoa, eta ez dugu hutsik egingo. 

Eskerrik asko, beste behin ere, EH Bilduren proiektua babestu duzuen durangar denei!