EH Bilduk ez-ohiko hirigintza batzorde bat deitzera behartu du Durangoko Udala, udal araudiaren 70.2 artikuluan oinarrituta. Batzorde horretan, EH Bilduren ekimenez, udalerriko etxebizitza larrialdiari aurre egiteko lan-talde bat sortzea eztabaidatuko da. Hala ere, lantalde honen sorrera batzordearen gehiengoaren babesaren menpe egongo da.
EH Bildu da udalerriko lehen indarra, 9 zinegotzirekin, eta oposizioan egon arren, ekimena hartu du etxebizitza larrialdiari aurre egiteko. Legegintzaldiaren hasi zenetik egungo udal gobernuak ez du neurri eraginkorrik hartu Durangon etxebizitzaren arazoari heltzeko, nahiz eta alkateak azaroan lan-talde bat sortuko zuela iragarri zuen. Lau hilabete igaro dira, eta oraindik ez da promesa hori gauzatu.
Bien bitartean, egoerak okerrera egin du. Gaur egun, 1.412 pertsona daude Etxebiden izena emanda Durangon alokairua eskuratzeko, baina alokairuko etxebizitzen eskaintza hutsaren hurrengoa da eta alokairuaren prezioak jasanezinak bihurtu dira. Gainera, Durango da azken hiruhilekoan salmenta-prezioen hazkunde handiena izan duen udalerria EAEn, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Behatokiaren arabera. Bestalde, udalerrian 1.405 etxebizitza hutsik daude.
Egoera horren eta udal gobernuaren ekintzarik ezaren aurrean, EH Bilduk ekimena hartu du eztabaida aktibatzeko eta konponbideak bilatzeko. EH Bilduren ekimenez deitutako hirigintza batzorde bereziak aukera emango du Durangoko etxebizitza larrialdia aztertzeko eta horri aurre egiteko lan-talde bat sortzeko. EH Bilduk aurreratu du lantalde horrek hiru helburu nagusi izango dituela: Egungo Durangoko etxebizitzaren problematikaren diagnostikoa egitea, konponbiderako neurriak aztertzea eta neurri zehatzak adostea. Lan-taldea udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek eta arlo horretan ekarpenak egin ditzaketen tokiko elkarteek osatuko lukete.
EH Bilduk berresten du Durangoko herritar guztientzako etxebizitza duin eta eskuragarri baten aldeko konpromisoa. Ordua da Durangon ere etxebizitza eskubidearen alde urrats zehatzak eta eraginkorrak emateko.