AKTUALITATEA


| 2025-04-10 10:41:00

1927an eraiki zen Landarte Etxea. 100 urte betetzear den eraikin hau zerrategia izan zen bere garaian, eta ondoren etxebizitza moduan erabili zen. 2017an, PERI Ferrocarrilaren proiektuaren baitan, Udalak eraikina desjabetu zuen, eta ordutik ordenazioz kanpo aurkitzen da.

Eraikinak dauzkan ezaugarriengatik aproposa da Durangoko hainbat elkarte eta kolektiboren aterpe izateko. Zentzu horretan proiektu proposamen bat landu dugu EH Bildutik, hainbat herritarrekin eta elkarterekin partekatu duguna.

Mendebaldeko eraikina

Eraikina bi zatitan banatua dago. Mendebaldean Etxebizitza izandako eraikuntza dago, gela eta solairu ezberdinetan banatua. Beheko solairuaz gain, hiru pisu gorantza eta sotoa dauzka, guztira 680 metro koadro ditu mendebaldeko parteak.

EH Bilduren proposamenaren arabera, mendebaldeko eraikinak bi funtzio izango lituzke: Alde batetik, Musika Eskolako ikasleentzat entseatzeko gelak joango liratezke. Izan ere, sarritan aipatu izan dute musika ikasleek instrumentuekin entseatzeko espazio falta dutela. Musika Eskolarekiko hurbiltasunagatik, eta eraikinaren egituragatik espazio hau aproposa da horretarako. Musika Eskolaren beste espazio behar batzuk ere ase ahalko lituzke eraikin honek.

Bestetik, inguruko auzo elkarteen egoitza izatea proposatzen dugu. Inguruko auzo elkarteek beraien jardunerako eta materiala gordetzeko espazio izango lukete.

Jakitun gara udalerrian espazio beharra daukaten hainbat elkarte daudela, eta hauen guztien beharrak ezagutu beharko liratezke proposamen definitibo bat egin aurretik.

Ekialdeko eraikina

Ekialdean hangar ertain bat dauka Landartek, zerrategia izandakoa. Hangar hau pisu bakarreko gela diafano bat da, 257 metro koadro dituena.

EH Bildutik gazteentzako espazio aproposa dela irizten diogu, solairu bakarrekoa, erraz intsonorizatu daiteke eta herriaren erdigunean kokatuta dago. Gainera, aisialdirako eta kirolerako aukerak ematen dituen terraza dauka, eta aretoa handi bat sorkuntzarako eta ikuskizunetarako. Gazteentzako espazio baten gabezia aspalditik dator Durangon, eta hangar hau leku aproposa dela uste dugu.

Eraikinaren egoera

EH Bildu eraikin historikoak eraistearen aurka agertu da, tren geltoki zaharrarekin gertatu zen bezala, edo Correosen eraikin zaharrarekin edo orain Landarte etxearekin egin nahi duten bezala.

Gainera, eraikina egoera onean dago, eta obra txiki batzuekin posible litzateke zaharberritzea, inbertsio erraldoirik egin gabe. Ordenazioz kanpo dagoen arren, moduak daude ordenazio barruan berriro sartzeko, Plan berezi baten bidez edo eta HAPOaren bidez.

EH Bildutik prest agertzen gara Udal Gobernuarekin batera proiektu hau garatzeko. Espazio falta nabaria dauka Durangok, eta modu honetara eraikin historiko baten berreskurapena eta espazio faltaren arazoa uztartuko genituzke.