EH Bildutik salatu genuen duela aste batzuk Durangoko Udalean Euskara Teknikariaren postua abendutik ordezkatu gabe dagoela, eta planifikazioa falta nabaria erakusten ari dela udala gai honetan. Bestalde, ohartarazi genuen udal gobernuak Euskara Teknikariaren figura ezabatzeko asmoa duela. Gobernuaren erantzuna izan zen euskarari “dimentsio berri bat” eman nahi diotela “berrantolaketa estrategiko baten bidez”.
Asteazken honetan eramango dute neurri hau Osoko Bilkurara. Osoko bilkuraren harira bidalitako dokumentazioan Euskara Teknikariaren lanpostua amortizatuko dela argi ageri da.
Osoko Bilkuraren harira bidalitako informeak, udal gobernuak gaztelera hutsean bidali dutenak, horrela dio: “transformación de la plaza de dinamizador de euskera traductor para convertirla en responsable de ciudadanía, se realiza este informe para dar los primeros pasos no para la transformación sino para la creación y amortización de plazas/puestos".
EH Bildutik salatzen dugu Udal Gobernuak “berrantolaketa estrategiko” deitu duen hau, finean, murrizketa handi bat dela euskararentzat. Erabaki horren ondorioz, euskararen ardura zuen figura kendu egingo dute, eta Herritarren Saileko koordinatzailearen hirugarren mailako ardura gisa jarriko dute euskara. Erabaki honek herrigintzako batzordearen behar bati erantzuten dio, horren adibide da erabaki hau ez dela Euskara Sailetik etorri, Herrigintzako sailetik baizik. Gainera, murrizketa hau gainontzeko alderdiekin hitz egin gabe eta euskalgintzako eragileen iritzia kontuan hartu gabe egin nahi dute.
Oso larria deritzogu neurri honi. Euren burua “Euskararen aldekotzat” dutenen eta txapa paparrean jarrita dabiltzanen aldetik arduragabekeria handia da. Euskararen gaiaz arduratuko den teknikaria ezinbestekoa da hizkuntza-politika eraginkorrak garatzeko. Euskara Teknikariaren figura funtsezkoa da Durangorentzat. Durango izango da, inguruko herri handiekin alderatuz, euskara teknikaria izango ez duen herri bakarra.