Abendutik, Durangoko Euskara Teknikaria jubilatu zenetik, Euskara Teknikariaren postua betetzeko ordezkorik ez da bilatu. Planifikazio falta nabaria erakusten ari da Durangoko Udala, aspalditik jakina baitzen Euskara Teknikaria abenduan jubilatuko zela, eta ez da egoera aurreikusi.
Orain, Durangoko Udal Gobernuak Euskara Teknikariaren figura ezabatzea erabaki du. Horrela ageri da EAJ, PSE eta PPk onartu dituzten 2025eko Udal Aurrekontuetan, Giza Baliabideen Txostenak ere jasotzen du erabaki hori.
EH Bilduk jakin duenez, Udal Gobernuaren asmoa Euskara Teknikariaren figura kentzea, eta Herritarren Batzordeko koordinazio teknikari bat sortzea da. Langile berri hau Herritarren Batzordearen eremu ezberdinen koordinazioaz arduratuko litzateke, Kirola, Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Euskara, besteak beste.
Euskara Teknikariaren lana kudeaketa lan soil bat baino gehiago da. Eragiletza lana izan behar da, eta orain arte bezala, esklusiboki lan horretaz arduratuko den pertsona bat izatea eskatzen dugu. Euskara Teknikariaren ardura ezin da Herritarren Saileko koordinazio teknikari baten bigarren mailako zeregin bat izan.
Ez da udal gobernu honek euskarari egiten dion lehen erasoa. Gobernura heldu berritan, Udal Araudi Organikoa (ROM gazteleraz) aldatu zuten, eta udal barruko funtzionamenduan “euskara lehenetsia” izatetik, “gazteleraren maila berean” jartzera pasatu ziren.
Euskararen normalizazioaren bidean asko dago egiteko oraindik, baita Durangon ere. Euskara Teknikariaren figura kentzea euskararen sustapenean atzerapausoa da. Teknikaria ezabatzeak Udala eta Durango bera erdalduntzea eragingo du, eta Euskara Teknikaririk gabeko udal bakarrenetakoa izango litzateke Durango.
Udal Gobernuari dei egiten diogu erabakia birplanteatu dezan.