AKTUALITATEA


| 2024-03-14 10:57:00

https://youtu.be/wVkzQMW5oe8

 

Martxoaren 14arekin 3 urte bete ditu trenbidearen lurren gaineko herri-galdeketa historikoak. Egun horretan udal-politikan subjektu aktibo izan nahi dugula erakutsi genuen durangarrok, udalerriko proiektu estrategikoei buruz erabaki nahi dugula aldarrikatuz.

 

Ordura arteko EAJren gobernuek ikusle soil izatera behartu gaituzte beti, eta politika eredu bertsuarekin ekin diote legegintzaldi honi. Durangoko EH Bildutik kezkatuta gaude EAJk trenaren lurretan altxatu nahi duen makro-eraikinaren proposamenarekin. Diotenez, Bereizmen Handiko Zentro bat izango litzateke, baina ez dago inolako proiektu zehatzik mahai gainean. Gainera, Durangok ez du beste eraikin erraldoi bat behar. 

 

Trenbidearen lurretan berdegune handi bat egiteko asmoarekin heldu zen 2019an gobernura EH Bildu eta agintaldian zehar jendearekin lan egin genuen horixe errealitate bihurtzeko.

 

Bada, EAJk egin nahi duen eraikinak berdegunea erdira murriztuko luke  erdigunea kotxez betez, aparkaleku eta mugikortasun arazoak areagotuz, arnasten dugun airea kutsatuz eta Durangarron bizi kalitatea kaltetuz. 

 

Gauzak horrela, gure bizitzetan eragin nabarmena izango duten proiektuak herritarrokin erabakitzeko exijitzen diogu udal gobernuari.