Madalenako plaza eraberritzeko proiektua egi bihurtu da aurreko legegintzaldian EH Bilduk auzokideekin egindako lanari esker; izan ere, haiekin Madalenako ermitan hainbat bilera egin ondoren, Auzo Alai elkarteak eta auzoko bizilagunek egindako ekarpenak bildu eta proiektua azaldu ondoren, lan horren emaitza amaituta ikusi da orain.
Durangoko gunerik berezienetako bat, auzoko bizilagunen aterpea eta elkargunea, eta Durangora sartzeko ateetako dena urte askoan ahaztuta egon da, eta orain, erreformaren ondoren, gune erreferente bihurtuko da.
Madalena plaza eraberritzea zen EH Bildu eta Herriaren Eskubidea Gobernu planaren barruan geneukan puntuetako bat. Plaza konpontzearekin baselizaren erreferentzialtasuna berreskuratu da, arkitektura-oztopoak kendu dira eta erabilera guztiak zentralizatu dira, hala nola, landaredia, altzariak, iturria edota argiztapena.
Auzoko bizilagunok eta durangarrok ganorazko Madalena plaza bat merezi genuen; egoera onean, irisgarritasun onarekin eta Durangoko bihotzean aisialdirako espazio atseginarekin. Gauzak horrela, plaza berriz ere topagune izatea nahi dugu, adineko pertsonak eta gazteak gustura senti daitezen ingurune eroso eta polit batean.