AKTUALITATEA


| 2024-07-10 17:51:00

Uztaileko osoko bilkuran Udal Etxebizitza Tasatuaren ordenantza eztabaidatuko da. Ordenantza horrek arautuko ditu, besteak beste, etxebizitza horiek eskuratu ahal izango dituzten pertsonen gehieneko eta gutxieneko diru-sarrerak, pertsona horien baldintzak, sustapen motak edo etxebizitzen gehieneko prezioa. Ordenantzak klausulak jaso zitzakeen eraikitako etxebizitzen zati bat alokairura bideratzeko, baina gobernu-taldeak uko egin dio. 

Datozen urteetan 106 udal-etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten da. EH Bilduk planteatzen zuen horietako batzuk, zehazki udal jabetzako lurzoruan eraikiko direnak, alokairu erregimenean bideratzea. Zentzu horretan, EH Bilduk zuzenketak sartu ditu ordenantza prestatzeko prozesuan, baina osoko bilkuratik pasatu gabe, gobernu taldeak koalizioari jakinarazi dio atzera botako dituela proposamenak. 

Izan ere, ia ez dago alokairuko etxebizitzen eskaintzarik Durangon, eta dagoen apurrak Eusko Jaurlaritzaren gomendio-indizeak gainditzen dituen prezioa du. Bestalde, Durangon alokairuko etxebizitzen eskatzaileak bikoiztu egin dira azken urtean, Etxebidek argitaratutako datuen arabera. Gainera, datu horien arabera, alokairuaren eskaria diru-sarreren tarte guztietara zabaldu da, alokairuan bizitzea erabakitzen duten pertsonen tipologia aldatuz. 

EH Bildu Durangon uste dugu garaia dela etxebizitza politiken eredu berri baterako proposamenak egiteko. Ezin da lurzorua saltzen eta etxebizitza eraikitzen jarraitu, epe laburrean etekin ekonomikoa lortzeko asmo bakarrarekin. Era berean, ezin da etxebizitzaren eskubidea merkatuaren esku utzi, ikusi baita merkatua ez dela gai jendearen beharrei erantzuteko. Berritzeko unea da, alokairuaren eskaintza sustatzekoa eta alokairuko etxebizitzen parke publiko bat sortzekoa. 

Gobernuari dei egiten diogu aukera hau pasatzen ez uzteko eta etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko duen erantzukizuna bere gain hartzeko.