AKTUALITATEA


| 2023-05-26 21:27:00

Udal hauteskundeen bezperan, Ima Garrastatxu Durangoko alkate eta EH Bilduren hautagaiak brindis jendetsu batekin itxi du kanpaina ostiral honetan. Andra Mari elizpean ospatutako ekitaldian, Garrastatxuk durangarren ongizateari begira alkate izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Horretarako, adierazi du “igande honetan bost dorreen iragan grisera itzuliko garen ala durangar guztion artean eraikitako etorkizun batera begiratuko dugun” erabakiko dela.

EH Bilduren jarraitzaileak eta hauteskunde zerrendako kideak bildu dituen ekitaldian, alkateak bozkatzera joatearen garrantzia azpimarratu du: “Igande honetan, lau urtetan nork gobernatuko duen baino askoz gehiago erabakiko dugu, hurrengo hamarkadan Durangok zein norabide hartuko duen erabakiko dugulako, eta EH Bildun proiektu sendo bat daukagu erronka horri heltzeko. Duela lau urte hasi genuen aldaketan sakondu behar dugu eta horretarako ezinbestekoa da igandean inor etxean ez geratzea”.

Ostegun honetan bertan, datorren legegintzaldiaren lehen 100 egunetan aurrera eramango dituen hamabi konpromisoak aurkeztu ditu. Garrastatxuk Ekimen honen bitartez, durangarrekin ‘kontratu’ bat sinatu nahi izan du, lehen hiru hilabeteetan gauzatzeko.

Hamabi konpromiso horiek osasunaren, hirigintzaren, feminismoaren, jasangarritasunaren, etxebizitzaren, memoria historikoaren, kulturaren eta haurren aisialdiaren arloak indartuko dituzte.

Garrastatxuren hitzetan, “EH Bilduk ibilbide orri argia eta proiektu politiko fidagarria du, lau urte hauetan erakutsi duguna. Orain beste lau urte beharko ditugu, eta horretarako zuen laguntza beharko dugu. Igande honetan irabaztera aterako gara!”