Durangoko EH Bilduk duela lau urte hasitako aldaketa politikoan sakontzen jarraitu nahi du, durangarren ongizatea hobetuz eta susperraldi ekonomikoan, etxebizitzan eta arlo sozialean arreta berezia jarriz. Horretarako, koalizioak astearte honetan aurkeztu ditu hautagaitza osatuko duten durangarrak, Ima Garrastatxu egungo alkatea buru izango duena.
Aurkezpenean, Garrastatxu alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela beste lau urtez durangarren alde lanean jarraitzea: “Gogor lan egin dugu azken lau urteotan durangarren bizitzak hobetzeko, eta ziur gaude oraindik asko daukagula egiteke. Talde benetan jantzi bat landu dugu, adin, ibilbide eta jatorri desberdinetako jendearekin. Durangorako gobernantza eredu berri batean sakontzen jarraitu nahi dugun durangar talde bat gara, herritarrenganako entzuketa aktibotik eta kudeaketa on batetik abiatzen garenak”.
EH Bilduren zerrendan ekonomia, kirol, kultura eta gizarte arloan ibilbide luzea duten pertsonak daude, baita Durangoko etorkizunarekin konprometituta dauden gazteak ere. "Zerrenda orekatua eta anitza osatu dugu, gure herriaren errealitate eta sentsibilitate ezberdinak islatzen dituena”, azaldu du alkateak.
Garrastatxuk azken lau urteetan gobernutik lortutako mugarriak errepasatu nahi izan ditu aurkezpenean: “Gu gara herri kontsulten edo Aurrekontu Partehartzaileen bidez durangarrei hitza eta erabakitzeko ahalmena ematen diegunak. Gu gara gure herriko ondarea errespetatzen eta zaintzen dugunak, Ezkurdiko pilotalekua edo Andra Mariko portikoa kasu. Gu gara alkatearen soldata %40 jaisten dugunak, beste batzuk, hemendik oso gertu, beraienak igotzen dituzten bitartean. Gizarte zerbitzuak ekintzekin defendatzen ditugunak gara, eta ez hitzekin. Zure bizilaguna gara, zure koadrilakoaren lehengusua; zure irakaslea, ile apaintzailea, erizaina edo fabrikakoa. Durangoren alde dena emateko prest gauden taldea gara, horixe egin dugu lau urte hauetan, eta horixe egiten jarraituko dugu”.
EH Bilduren zerrendaren aurkezpenean pertsona ugari izan dira. "Oso eskertuta gaude jasotako babesagatik, eta Durangoko etorkizunaren alde ilusioz eta arduraz lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu", amaitu du alkateak.
ZERRENDAKIDEAK:
1 - Ima Garrastatxu Urbaneja. 59 urte. Bizkaiko Foru Aldundiko langilea
2 - Iker Urkiza Quilez. 43 urte. Mondragon Kooperatibako langilea
3 - Ane Abanzabalegi Areitio. 37 urte. AEK-ko irakaslea
4 - Juan Antonio Bueno Moreno. 52 urte. Ileapaintzailea
5 - Nagore Lozano Zarandona. 48 urte. Lanbide Heziketako irakaslea
6 - Markel Larruskain Narbaiza. 33 urte. Dinamizatzaile politikoa
7 - Martin Loizate Sarrionandia. 26 urte. Ingeniaria
8 - Goiuri Aginako Etxenagusia. 42 urte. Euskarri teknikaria
9 - Oihana Estibez Barreña. 42 urte. Administrari laguntzailea
10 - Martin Arrasate Iriarte. 26 urte. Abokatua
11 - Aritz Bravo Zubillaga. 34 urte. Biologoa
12 - Laura Gomez Villanueva. 49 urte. Osasun eta segurtasun teknikaria
13 - Mikel Gandarias Jaio. 31 urte. Familia medikua
14 - Izaskun Duñabeitia Quintana. 53 urte. Eskola publikoko zuzendari eta irakaslea
15 - Lide Azueta Lizaur. 24 urte. Kirol entrenatzailea
16 - Antxon Berrizbeitia Eguren. 41 urte. Irakaslea
17 - Erika Uranga Basterra. 39 urte. Kultur hezitzailea
18 - Eider Larrazabal Belar. 44 urte. Irakaslea
19 - Oihana Riesco Obieta. 43 urte. Alokabideko arreta teknikoko langilea
20 - Juan Luis Madariaga Balanzategui. 58 urte. Pentsionista
21 - Inés Cebrián Villar. 46 urte. Metalurgia langilea
22 - Asier Bilbao Mazaga. 35 urte. Industria langilea
23 - Mariam Bilbatua Perez. 72 urte. Pentsionista