Durangoko EH Bilduko 50 bat jarraitzailek hasiera eman diote maiatzaren 28ko hauteskundeetarako kanpainari. Kanpaina horretan, koalizioak hainbat proposamen eta proiektu jarriko ditu mahai gainean, “Durango ekonomikoki eta hazteko helburuarekin”, Ima Garrastatxu alkate eta hautagaiaren hitzetan.
“Duela lau urte historia egin genuen Durangoko lehen gobernu ezkertiar bihurtu ginenean, jendearen beharretatik gero eta urrunago zegoen udal gobernu bat atzean utzita. Lau urte hauetan saiatu gara erakusten badela gobernatzeko beste modu bat, hurbiltasunetik eta ahaleginetik abiatuta. Gaur emango diogu hasiera kanpainari, eta gure aldetik proposamenetan jarriko dugu arreta, eta ez gatazketan, durangarrek beren arazoak konpontzea merezi baitute”, adierazi du Garrastatxuk.
Horretarako, EH Bilduk bere lan ildo nagusiak aurkeztu ditu, Durangoren garapen ekonomiko eta sozialean zentratuko direnak, besteak beste, alokairu sozialeko 240 Babes Ofizialeko Etxebizitza Plana garatuz, trenaren lehengo trazadura berreskuratuz eta tren geltoki zaharraren orubean 34.000 metro koadroko –bost futbol zelaiko– parke berdea atonduz.
“Proiektu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzarekin adostu ditugu, eta EH Bildu da horiek garatzeko bermea. Bost dorreen proiektura itzuli nahian Durangon entzuten diren ahotsek kezkatzen gaituzte, eta hori gerta ez dadin saiatuko gara. Bada garaia aurreko legealdietako iluntasuna alde batera utzi eta etorkizun iraunkorrago eta sozialago bati begiratzeko”, Garrastatxuk azpimarratu duenez.
Ostegun iluntzean Garrastatxu hauteskunde zerrenda osatzen duten kideez inguratuta egon da, baita jarraitzaileez ere. Alkate eta hautagaiak adierazi du “ilusioa eta baikortasuna” sumatzen dituela maiatzaren 28ari begira: “Duela lau urte batzuentzat ezinezkoa zirudiena lortu genuen, eta lau urte geroago erakutsi dugu posible dela Durango hurbiltasunetik, eraginkortasunetik eta kudeaketa arduratsu batetik gobernatzea. Proiektu asko ditugu aurretik, eta gu gara horiek aurrera ateratzeko berme bakarra. Maiatzaren 28an asko daukagu jokoan”.
Azkenik, EH Bilduk indar politiko guztiei dei egin die errespetuan eta tolerantzian oinarritutako hauteskunde kanpaina bat egiteko, deskalifikazioak saihesteko eta elkarrizketa eta eztabaida eraikitzailea lehenesteko.