AKTUALITATEA


| 2023-05-30 18:18:00

EH Bilduren mahai politikoa bildu zen atzo, astelehena, Udal gobernua osatzeko gainontzeko alderdiekin egingo duten bilera erronda prestatzeko. “Igandeko emaitzek gobernu honen lana babesten dute” eta azpimarratu dute “ezkerreko alderdiek inoizko emaitzarik onenak lortu dituzte hauteskunde hauetan, eta ezkerreko gobernua posible da Durangon”. 

Igandeko emaitzei jarraituz, bigarren alderdi bozkatuenarekin hasiko dituzte bilerak, baina adierazi dute lehentasuna proposamenak partekatzen dituzten alderdiekin akordioetara iristea izango dela. Igandeko emaitzek erakusten dute jendea arduratzen duten gaiak etxebizitza, auzoak edo berdeguneak direla, besteak beste, eta gai horietan heldu nahi dute akordioetara gainontzeko alderdiekin. 
 

Igandeko emaitzak baloratu dituzte mahai politikotik, eta hauek historikoak direla eta ezker independentista lehen aldiz lehengo indarra dela Durangon ospatu dute. “Orain dela lau urte baino 400 bozka gehiago lortu ditugu, eta 9 zinegotzi izango ditugu. Durangarrek EH Bilduren politika egiteko modua saritu dute, herritarrekin eta herritarrentzat”.