AKTUALITATEA


| 2023-05-18 08:51:00

2021aren amaieran Durangoko udaleko gobernu taldeak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraio Sailak – PSEk kudeatuta – trenak askatutako lurren inguruan lortutako akordioak hainbat proiektu biltzen ditu, eta horien artean dago alokairurako Babes Ofizialeko 240 Etxebizitza garatzeko plan bat.

Durangoko EAJk akordio hori bertan behera uzteko egindako mehatxuaren aurrean, EH Bilduk Plan hori gauzatzeko eta garatzeko konpromisoa berretsi egin du, “plan horrek durangar askok eta askok duten arazo larri bati irtenbide bat ematen lagundu ahalko duelako, batez ere gazteei, baina baita gure herriko beste sektore batzuei ere”.

Horren harira, Ima Garrastatxu alkate eta hautagaiak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Garraio Sailarekin konpromiso hori lortzeko EH Bildutik eginiko lana aldarrikatu du: “Gogoan duzue EAJk 18 pisutako bost dorreak gelditzea ezinezkoa zela esaten zigunean? Bada, lortu dugu, eta gainera, izaera sozial nabarmena duten proiektu asko gehitu dizkiogu. EH Bilduren eta PSEren artean elkar ulertu nahi dugunean, lortu egiten dugu, eta horrek askotan on egiten die herritarrei. Orain, behin akordio batera iritsita, proiektua garatzeko unea da”.

Garrastatxuren iritziz, beharrezkoa da etxebizitzaren gaia jorratzea, alokairuen prezioak maximo historikoetan baitaude. EAEn batez beste 747 eurokoa da alokairuaren prezioa, eta, horren ondorioz, etxebizitza eskatzaileak ere maximo historikoetan daude, 62.000 pertsona baitaude Etxebiden izena emanda.

Garrastatxuren arabera, “gero eta diru gehiago bideratzen dugu etxebizitzara, eta horrek, aldi berean, muga handiagoa dakar gure egunerokoan, batez ere baliabide gutxien dituztenengan. Babes Ofizialeko 240 Etxebizitzako Planerako lortu genuen akordioa horretara bideratuta dago, hain zuzen ere, etxebizitza bat eskuratzeko arazoak dituzten biztanle guztiei laguntzera. EH Bildun jendearen beharrez arduratzen gara, eta hori da gaur egun durangarron kezka nagusietako bat”.

Horren harira, alkateak nabarmendu egin du EH Bilduk eta gobernuak Etxebizitza Lege berria aurrera ateratzeko lortutako akordioa. Garrastatxuren ustez, alokairuaren prezioa topatzea ahalbidetuko duen mekanismo bat da, besteak beste. Hautagaiak gogorarazi duenez, lege horri esker, planifikatutako babes ofizialeko etxebizitzen %50 gutxienez alokairu sozialera bideratu beharko dira, EH Bilduk 2022an Eusko Legebiltzarrean eskatu bezala.

Trenbide zaharretako lurretan lortutako akordioaren ostean ireki den aukera leihoaren aurrean, Durangoko EH Bilduk akordioarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa agertu du eta Eusko Jaurlaritzari Etxebizitza Plana betetzeko urrats berriak eskatuko dizkio.