AKTUALITATEA


| 2023-07-04 11:34:00

Durangoko alkate berri izendatu eta bi aste eskasera, Mireia Elkoroiribek bere soldata eta udal gobernuarena ia bikoizteko asmoak Durangotik harago oihartzuna izan du eta hainbat egunkari eta teleberritan agertu da. Proposamen honekin Mireia Elkoroiribek alkate batek Durangoko historian izan duen soldatarik handiena (77.929€ urteko) izango luke eta laugarren postuan legoke Hego Euskal Herriko alkateen artean (hiriburuak kontuan hartu gabe). 


EAJ eta PSEk aldebakartasunez eta eztabaida publikorik gabe hartu duten neurrigabeko soldata igoera honek herritarrek Udalaren gainean duten iritzia kaltetuko du, baita herritik kanpoko jendeak Durangoren inguruan duen pertzepzioa ere. EH Bilduren ustez, ez da ulergarria alkate batek ia 6.500€ gordin jasotzea hilabetean 12 ordainsaritan, diru-goseagatik ez bada. Gainera, ez EAJk ez PSEk ez zuten proposamen hori beraien hauteskunde programetan jaso, eta hori herritarrei eta boto-emaileei iruzur egitea litzateke. 


Soldata igoera korrika eta gardentasunik gabe ezartzen ahalegindu da udal gobernua. Izan ere, EH Bilduk publiko egin behar izan zuen durangarrek beraien alkatearen intentzioen berri izateko. Gardentasun faltaz eta opakutasunaz gain, soldata igoera justifikatzen saiatzeko EAJk datu faltsuak argitaratu zituen prentsan eta sare sozialetan. Besteak beste, 2019an EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak osatu zuten gobernuaren ordainsariak faltsutu eta puztu zituzten jeltzaleek, herritarrei gezurra esanez beraien lotsagabekeriak ezkutatzeko. EH Bildu datuen manipulazioa gezurtatzera atera behar izan zen, kopuruen arteko eztabaidak sakoneko erabakia ezkutatzeko asmoa zuela jakitun: oraingo gobernu taldeak diru gehiago jasoko duela, eta langile kopurua jaitsiko dela. Soldata altuagoak pertsona gutxiagoren artean banatuko direla, alegia. Laburtuz, kostu handiagoa eta langile gutxiago udalarentzat. 


Honen aurrean, EH Bilduk gaur egun indarrean dauden soldatak mantentzea proposatzen du, hau da, alkateak 47.000€ jasotzea eta gainerako liberatuek 36.500€, KPIaren doikuntzak aplikatuta. Hori da EH Bilduk hauteskundeetan eta gobernatu duenean defendatu duena, eta esandakoarekin eta egindakoarekin koherentea da. Osterantzean, gobernu taldeak proposatutako aldaketaren kontra bozkatuko du. EH Bilduk alderdi politiko guztiei, baita EAJ eta PSEko gainerako zinegotziei ere, neurrigabeko eta eskandaluzko igoeraren aurka bozkatzera dei egiten die.