Donostiako auzorik jendetsuenean, Amara Berrin, ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduko alkategaiak, eta «donostiarrak udal politiken erdian jartzeko» konpromisoa hartu du. Amara Berriri dagokionez, «auzotarrek beren bizi proiektuak auzoan garatu ahal izateko aukerak eskaintzearen aldeko apustua» egin du.
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Intxaurrondon. Donostiako Alkatetzarako hautagaiak, Juan Karlos Izagirrek, adierazi du maiatzaren 28an bi ereduren artean aukeratu beharko dela: «gaur egungo egoerara ekarri gaituena eta EH Bilduk proposatzen duena, gure etorkizunari berme osoz aurre egiteko prest dagoen alternatiba bakarra».
Kanpainaren lehen egunean, Juan Karlos Izagirre alkategaiak bizitzaren garestitzearen aurrean EH Bilduk proposatzen dituen neurriei buruz hitz egin du Parte Zaharrean egindako ekitaldian. Etxebizitzaren prezioak kontrolatzeko «gure eskuetan dauden tresna guztiak» erabiltzeko konpromisoa berretsi du, eta, etxebizitza berrien kasuan, alokairu publikoaren aldeko apustua egin du, «merkatu librean baino askoz merkeagoak direlako». Goizean, Altzatik, Garbiñe Alkiza hautagaiak neurri eraginkorrak aurkeztu ditu «Donostiako familiei hilaren amaierara iristen laguntzeko», bai pobrezia energetikoari aurre egiteko, bai langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko.
Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako alkategaiak hauteskunde programa aurkeztu du hedabideen aurrean, hiru erronka nagusiei aurre egiteko: etxebizitza, turismoa eta mugikortasuna. Gainera, kezkatuta agertu da herritarren eta Gobernuaren artean dagoen deskonexioarekin. «Hiria idiosinkrasia galtzen ari da eta pertsonak albo batean utzi ditu. Berreskuratzeko eta berriro protagonistak izateko unea da», defendatu du.