Donostiako Udalean EH Bilduk Morlans eta Anoeta arteko trenbidea estaltzearen alde egindako kontrol mozio batek ekarri du EAJrekin batera erdibideko zuzenketa bat adostea: «konponbide integrala» ematea Morlans eta Anoeta tartean «trenbideko garraioak sortzen dien inpaktuaren arazoari, trenbidea estaliz eta hiri integrazioa hobetuz bizilagunentzat ingurune osasungarria eta bizigarria bermatzeko».
EH Bildutik oso balorazio positiboa egiten dugu akordio honen inguruan, EAJ mugiarazteko gai izan garelarik, Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Iraunkorreko batzordean talde politiko horrek berak, PSErekin batera, EH Bilduren legez besteko proposamenaren aurka bozkatu eta bi egunera, hain zuzen ere, estalketa eskatzen zuen EH Bilduren proposamenaren aurka.
Ostegun honetako Osoko Bilkuran hartutako konpromisoarekin Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskatzen zaie konponbide integral bat. PSEren aurkako botoa eman da berriro ere, agerian utziz Eneko Goiaren Gobernu taldea sostengatzen duten bi taldeen arteko desadostasunak.
EH Bilduren proposamena Amara Berriko bizilagunekin landu da; 30.000 pertsona baino gehiago bizi dira bertan, eta 3.500 herritarrek pairatzen dituzte trenbideen zuzeneko eraginak. Ildo horretan, berriro diogu politika egiteko modurik eraginkorrena herritarrak inplikatzea dela, haiei ahotsa emanez eta beren proposamenak erakunde honen bihotzera eramanez. Auzotik adierazi digute ez dutela nahi behin-behineko neurririk, behin betikoak baizik, zarata arinduko dutenak eta trenbideen integrazio urbanistikoa bermatuko dutenak, auzoari etorkizunean aukera interesgarriak irekiko dizkion espazio bat itzuliz. Eta horrela defendatuko dugu.
Hamarkada bat baino gehiago Udalari eta Eusko Jaurlaritzari konponbide bat eskatzen eman ondoren, gaur urrats bat eman da. Hala ere, adierazi behar dugu konpromiso bat dela eta gure erantzukizuna orain hori guztia betearaztea dela. EH Bildutik gure lidergoa berretsi nahi dugu hala izan dadin.