AKTUALITATEA


| 2025-07-01 10:46:00

Gure beldurrak bete dira: Bretxako lehen solairuko zati bat, dagoeneko esku publikoetan dagoena, ostalaritzarekin lotutako proiektu batera bideratuko da berriz ere.

Hala iragarri du Donostia Sustapenak, «sukaldaritza-eskola» izendatu duen egitasmoa martxan jarriz. Lehen solairuan kokatuko da eta merkatuan eskainitako produktuak erabiliz ostalaritza-zerbitzua emango du. Adierazi dute ez dela «ohiko jatetxe bat izango» eta ez duela «mahai askorik izango». Galdera, beraz, honako hau da: taberna ez bada, jatetxea ezta ere, zer izango da orduan?

Iragarpen hau, EH Bildurekin izandako lanketaren ostean, Udal Gobernuak 2024ko otsailean Baikarekin zuen kontratua eteteko hartu zuen erabakiaren ondoren dator. Hala ere, orain aurkeztu duten proiektu honek iraganeko akats berak errepikatzen ditu.

EH Bildutik argi dugu: eraikin hauek auzoaren eta herritarren beharrei erantzun behar diete.

Urtebeteko itxaronaldiaren ostean, berriz ere 2016ko proiektua aurkeztu digute. Esku publikoetara itzuli bada ere, gaurko proposamena orain dela bederatzi urteko bera da. Hitz gutxitan, hasierako laukira itzuli gara.

Urrian salatu genuen Arraindegia eraikinean ostalaritza-jarduerak ezarri nahi zituztela, eta gaur berriz diogu. Parte Zaharra, saturazio-gune izendatua, ostalaritzaren kontrolik gabeko hazkundea sufritzen ari da, eta horrek auzoaren eguneroko bizitzan desoreka nabarmena eragin du. Proiektu berri honek norabide horretan sakontzen jarraitzen du. Parte Zaharra ez da parke tematiko bat.

EH Bildurentzat, hau beste aukera galdu bat da. Gobernuak «aukera-espazio» gisa definitzen badu ere, egiaz auzoaren behar historikoei erantzuteko aukera erreal baten aurrean egon gara. Berriro ere, auzoaren beharrei bizkarra emanez jokatu dute.