AKTUALITATEA


| 2025-07-07 13:22:00

Hiri tentsionatu izendapenaren adierazpena BOEn argitaratzeko atarian gauden honetan, EH Bilduk balioan jarri du Donostian irekiko den eszenatoki berria. Egoera honen aurrean, dei egiten dugu hirian dagoen etxebizitza-krisi larrialdia arintzea ahalbidetuko dituen neurri guztiak berehala martxan jartzeko. Donostiak neurri horiek aktibatzeko ausardiaz eta anbizioz jokatzeko betebeharra du. Horretarako gehiengo aurrerakoi bat existitzen da. Ez dago aitzakiarik.

Gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Juan Karlos Izagirre Udal taldeko bozeramaileak eta Ricardo Burutaran zinegotziak hartu dute parte, eta bertan, Izagirrek gogorarazi du hiri-tentsionatu izendapenaren aurrerapausoa EH Bilduren lanari eta etengabeko ahaleginari esker izan dela posible: «Gure ekimenari eta borondate politikoari esker, posible izan zen 2023ko maiatzean Estatuko Etxebizitza Legea onartzea. Guk eraman genuen eztabaida hau lehen aldiz Udaleko Osoko Bilkurara, eta guk bultzatu genuen behin eta berriro ondoren ere. Berri ona da adierazpen hau gauzatzear dagoela jakitea».

EH Bilduk nabarmendu du tentsio-eremutzat jotzeko adierazpenak erreferentziazko prezioen indizeak argitaratzea ere eskatzen duela, eta, indize horiek gabe, neurriak eraginkortasuna galduko lukeela. «Donostian egoera berri baten atarian gaude, eta horrek aukera emango du gure gizartean nagusia den etxebizitzaren arazoari aurre egiteko urrats berriak emateko. Belaunaldiarteko kezka da, milaka pertsonari eragiten diona, bereziki donostiar gazteei».

Kezka horrekin bat, EH Bilduk 21 proposamen aurkeztu zituen etxebizitzari buruzko maiatzean egindako Osoko Bilkura monografikoan, eta horietatik 9 aurrera atera ziren gehiengo aurrerakoiari esker, EAJren aurkako jarreraren gainetik.

Proposamen horien ezarpena hainbat epetan garatuko da, baina guztiak dira errealistak, bideragarriak eta behar bezala kontrastatuak daude. Batzuek epe ertain edo luzeago bat beharko dute martxan jartzeko, baina dagoeneko norabide egokian erabaki irmoak hartzea eskatzen dute. Hala ere, gaur, berehala eta epe laburrean aplikatu daitezkeen —edo adierazpen hau gabe ere aplikatu ahalko liratekeen— neurrietan jarri nahi dugu arreta. Horietako batzuk, gainera, premiazkoak dira, haien etxebizitza galtzeko arriskuan dauden milaka donostiarrei eragiten baitiete.

Premiazko neurri hauen artean daude: alokairuen igoera jasanezinak geldiaraztea, etxebizitza hutsak erreferentziazko prezioen alokairu-merkatura bideratzea, dagoeneko eraikita dauden etxebizitzei babes ofizialeko kalifikazioa ezartzea eta gaur egun beste jarduera batzuetarako erabiltzen diren etxebizitzen erabilera berriz ere bizitegi-erabilerara bideratzea.

«Lege-marko berri honetatik abiatuta, aukera dugu hiriko etxebizitza-arazoari benetako eta premiazko erantzunak ematen hasteko, atzerapen gehiagorik gabe. Jarduteko unea da, arazoa larria delako eta milaka donostiarri eragiten dielako. Nekatuta gaude erosketarako edo alokairurako hiririk garestienetakoen zerrendetan buru izateaz, edo emantzipazio-adinik berantiarrenetakoa izateaz. Etxebizitzarako eskubide subjektiboaren kontura gertatzen den espekulazioa gelditu behar dugu», gehitu du bozeramaileak.

Donostiako udal politiketan inflexio-puntu bat izango diren premiazko eta berehalako hiru neurri.

EH Bilduk, dagokion erantzukizunetik abiatuta, jada hasi da arazo honi irtenbidea emateko lanean, eta gaur hiru neurri iragarri ditu: horietako bik ez dute tentsio-eremu izendapen adierazpenik behar; lehenak bai.

1. Inbertsio-funtsen mehatxupean dauden etxebizitzetako alokairuen igoerei dagokienez, Legeak jasotakoa aplikatzea.

Ricardo Burutaran zinegotziak azaldu duenez, Benta Berri eta Gros auzoetan ehunka etxebizitza daude eta mila pertsona baino gehiago bizi dira funts putreen mehatxu zuzenaren pean, guztiz onartezinak diren alokairu-igoerak jasaten. «Igoera neurrigabeak ikusten ari gara. Gure proposamena argia da: Etxebizitza Legea aplikatu behar da, eta Lege horrek ezartzen du indarrean dauden kontratuek ezin dutela KPIa baino gehiago igo». Gogorarazi du ezin dela onartu funts horiek euren interesak etxebizitzarako eskubidearen gainetik jartzea.

Gainera, eskatzen dugu egoera berri honetan erreferentzia-prezioa alokairu berri guztiei ere ezartzea.

2. Jarduera ekonomikoek okupatutako etxebizitzen erabilera bizitegi-erabilerarako berreskuratzea

EH Bilduk konpromisoa hartu du berehala lanean hasteko arau-aldaketa bat egiteko, lehen solairuetan dauden jarduera ekonomikoak kale mailako merkataritza-lokaletara lekualdatzea ahalbidetuko duena. Errenterian arrakastaz burutu da hori, goiko solairuetan dauden lokalak beheko solairuetara lekualdatzeko laguntza ekonomikoen bidez. «Horrela, kaleei bizitza ematen diegu hutsik dauden lokalak berraktibatuz, eta, aldi berean, etxebizitzen jatorrizko erabilerarako berreskuratzen dugu: bizitzekoa. Administrazio publikotik halako aldaketak errazteko eta bultzatzeko lan egin behar dugu», adierazi du Burutaranek.

3. Merkataritza-lokaletatik sortzen diren etxebizitza berriei babes ofizialeko kalifikazioa ematea

EH Bilduk, era berean, proposatu du Udal Gobernua prestatzen ari den arau-aldaketan jaso dadila merkataritza-lokal bat bizitegi-erabilerara igarotzen denean derrigorrez babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikatzea. Burutaranek adierazi du ezin dela etxebizitza-parkea handitzen jarraitu, horren eskuragarritasuna bermatu gabe. «Babesteko arautu egin behar da».

EH Bildu jada lanean ari da etxebizitza hutsak alokairu-merkatura ateratzeko bideak errazteko, eta gogora ekarri du Alokabide indartzeko egindako proposamena, alokairurako etxebizitza-agentzia publiko gisa. Horren bidez, etxebizitzak erakunde publikoen bidez kudeatu ahal izatea nahi dugu, eta jabeek haien etxebizitzak bermeekin alokairuan jartzeko erraztasunak izatea. Horixe da gure apustua.

Etxebizitzaren inguruko eztabaida ezin da gehiago atzeratu. Ezin dugu gehiago beste alde batera begiratu. Tresnak ditugu eskura, eta erabiltzeko unea da. EH Bildutik berriz ere eskua luzatzen dugu benetako irtenbideak eraikitzeko, donostiarrek beren bizitza-proiektua beren auzoan edo hirian bertan garatu ahal izan dezaten.