AKTUALITATEA


| 2025-07-03 10:38:00

EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur Bretxako eraikina eta bertako plazaren inguruan, eta ohartarazi du Udal Gobernuak aurkeztutako proiektu berriak kudeaketa pribatua eta ostalaritza-jarduera lehenesten dituela, auzoko behar historikoak eta lehen sektorekoak baztertuz. Lau aldarri nagusi aurkeztu ditu: Bretxan kudeaketa publiko osoa bermatzea, ostalaritzaren jarduera gehiago ez baimentzea Parte Zaharrean, baserritarren presentzia eta lan-baldintzak babestea, eta auzoko beharrak lehenestea, kirol-gunea eta adinekoentzako zentroa barne. Ezin dira iraganean egindako akats berak errepikatu.

Itziar Iturri zinegotziak azaldu du EH Bilduk 2023an egoera blokeatu bat aurkitu zuela, eta une hartatik aurrera gobernuarekin negoziatzen hasi zela Bretxaren kudeaketarentzat irtenbide publiko bat adosteko. «EH Bildu izan da gai honetan irtenbideak mahai gainean jarri dituena hasieratik, interes orokorra pribatuaren gainetik lehenetsiz uneoro». Azpimarratu du baldintza gisa espazioaren publikotasuna eta sortzen ziren espazioak auzoarentzat bideratzea izan zirela. Argi geratu zen eta hala adostu zen, Parte Zaharra gune saturatua izanda, ostalaritzak ez zuela tokirik izango proiektu honetan.

Oroitarazi du, halaber, 2024ko apirila eta maiatza bitartean Parte Zaharrean egindako galdeketan, bizilagunek argi adierazi zutela Bretxaren publifikazioarekin libre geratzen ziren espazioetan kirol-gunea eta adinekoentzako zentro bat hobesten zituztela. Galdeketaren emaitzetan oinarrituta, EH Bilduk proposamen zehatzak helarazi zizkion bai Udalari bai Donostia Sustapenari, eta negoziaketek oraindik irekita jarraitzen dute.

Iturrik gaineratu du EH Bilduk ondo baloratzen duela Arrandegia eraikinean egindako proposamenen artean azoka 0 solairura igotzea eta Baikak utzitako postu libreak azoka handitzeko erabiltzea.

800 metroko kontsumo kooperatiba

«Arraindegia eraikinaren lehen solairurako, berriz, jarduera ekonomiko jasangarriak planteatu ditugu, lehen sektorearekin, azokarekin eta tokiko merkataritzarekin lotura dutenak. Horien artean kontsumo-kooperatiba bat sortzea proposatu genuen martxoan, baserritarrak, O km filosofia eta tokiko merkataritza ardatz», azpimarratu du Iturrik. Espazioa kontsumo-kooperatiba bati lagatzea planteatu zen, eta kooperatiba horrek printzipio horiek bete beharko lituzke. Iturriren hitzetan, formula hori arrakastatsua da gaur egun inguruko beste herri batzuetan, hala nola Oiartzunen, Azpeitian edo Igeldon. Auzoarekin kontrastatutako prosamena dela gaineratu du.

Bestalde, Juan Karlos Izagirre bozeramaileak adierazi du Udal Gobernu honek betiko akatsak errepikatzeko joera duela. Kritikatu du gaur egun Arrandegia eraikineko lehen solairurako aurkeztutako proiektua ez dela berria, eta 2011-2015 legealdiko Baikaren proiektuaren antzekoa dela. Honek Udal Gobernuaren « ideiarik eza» agerian uzten du. «Proiektu hau ez da berritzailea, eta berriro ere kudeaketa pribatua ekarriko du», adierazi du. Bere esanetan, «ostalaritza erabiltzen da berriro ere espazio publikoa okupatzeko, auzoaren beharrei edo proiektu egokiagoei bizkar emanda». Ohartarazi du Parte Zaharreko saturazioa dela-eta, ezin dela jarduera horrekin jarraitu, eta galdegin du ea benetan ez den ezer ikasi azken urteetako esperientzietatik. «Mingarria da horrelakoak planteatzea non eta Parte zaharreko bihotzean, eta oraingoan ere galdetzen dugu: ez ote dago hirian aproposagoa den beste lekuren bat horrelakoak planteatzeko, zonalde degradatuak birgaituz eta auzoak biziberrituz, aurretik bizilagunekin adostuz?».

Baserritarren inguruan, Izagirrek salatu du Arraindegia eraikina barrura lekualdatzeko Udal Gobernuaren asmoa, baserritarren borondatearen kontra. Gogorarazi du duela sei urte, Arkoak eraikinaren ondoan espazio estali bat adostu zela eta, orain, akordio hura urratuz, plaza utzi eta barrura joatea inposatu nahi zaiela. «Baserritarrak plaza publikoan egon nahi dute, ikusgai, ez espazio itxi batean ezkutatuta. Horrek baserritarrak ikusezin bihurtzen ditu, eta horien lana ikusarazi beharrean, trabak jartzen dizkie», adierazi du. «Ez du balio baserritarrak eta lehen sektorea lagundu behar ditugula esatea, bere ekoizpenatik hasi eta salmenta zuzeneraino, eta gero, praktikan, oztopoak jartzea». Garaiz gabiltza joera hau zuzentzeko.

Baserritarren lana oztopatzen duen mugikortasun neurria

Izagirrek gogorazi du aste honetako Udalaren mugikortasun neurri berriek baserritarrei San Juan kaletik sarbidea galarazi dietela, karga eta deskargarako aukera eragotziz. Horren ordez, Aldamar kalera bideratu dituzte, eta EH Bilduren iritziz, espazio horrek ez du beharrezko baldintzarik betetzen lan hori burutu ahal izateko. Bozeramaileak salatu du ostalaritzako eta komertzioetako banaketa-kamioien eta furgoneten gora-beherak egunero ikusten direla Parte Zaharrean. «Zergatik ez zaie erraztasunik ematen egunero lanera etortzen diren baserritarrei?» galdegin du.

EH Bilduk gogorarazi du bihar baserritarrek bilera dutela Udal Gobernuarekin gai horri buruz, berriro ere, behin erabakia hartu ondoren. Izagirrek exijitu du neurriak baserritarren eguneroko beharrak kontuan hartuta moldatu daitezela, eta «turista eta bisitarien erosotasuna ez dadila lehenetsi sektore estrategiko baten kaltetan».

Azken hamarkadetan, Bretxa eta Bretxako plazak aldaketa sakon eta kaltegarriak jasan ditu, betiko azoka eta baserritarren lanaren kaltetan. Garaia da berezko izaera berreskuratzeko neurriak hartzeko: azoka, baserritarrak eta auzoaren beharrak lehentasun bihurtu, eta bestelako interesak bazter uzteko. Berriz diogu, garaiz gaude joera hau zuzentzeko eta gure prestutasuna azaltzen diogu Gobernuari elkarlanerako.