Donostia

EH Bilduk Pilar Arana mugikortasun arloko zinegotzi-delegatuak egindako adierazpenen aurrean azalpenak eskatuko ditu

Komunikabide batean egindako adierazpenetan, uda honetan hirian auto-ilarak egotea nahi duela adierazi du, hiriko erdigunera iristen diren autoen kopurua, bere ustez, jarduera ekonomikoaren adierazlea delako.

| 2020-05-19 15:38:00

EH Bilduk premiazko agerraldi-eskaera bat erregistratuko du, donostiarrei azaltzeko zer mugikortasun-plangintza mota duen esku artean Udal Gobernuak (plangintzarik badu) halako nahia adierazteko.

Pilar Aranak, Teledonostin egindako elkarrizketa batean, honakoa esan du hitzez hitz: "Mugikortasun zinegotzi gisa udan auto-ilarak eta pilaketak gustatzen ez bazitzaizkidan ere, orain esaten dut ea uda honetan auto-ilara hori egongo den eta ea autoak erdiguneraino etorriko diren". Ondoren, mugikortasun zinegotziak azaldu du auto kopurua jarduera ekonomikoaren adierazle dela.

Ezin da onartu mugikortasuneko zinegotzi batek bere eginkizunak alde batera uztea eta jendaurrean horrelako adierazpenak egitea. Edo adierazpen horiek zuzentzen ditu eta lanean hasten da bere Departamenduaren helburuak betetzeko norabidean, edo bere kargua utzi beharko du. Ez dago beste irtenbiderik.

Baina adierazpen horiek sakoneko arazoaren icebergaren punta besterik ez dira. Izan ere, udal gobernu hau mugikortasun iraunkorra sustatzeko orduan, isurketak murrizteko eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren ikuspuntutik, oso atzean geratzen ari da. Eta Eneko Goiaren mugikortasun politikak pandemiaren aurretik ere oso eskasak baziren, orain, konfinamenduaren garaian eta deseskalatze prozesuari begira, kudeaketa tamalgarria izaten ari da.

Osasunaren ikuspegitik, pandemia garia hauetan, hirian mugitzeko sistemarik seguruena bizikleta da. Halere, udal-gobernuak ez du horren aldeko apustu garbirik egin. Orain dela egun batzuk, Goiak iragarri zuen 5 kale "zona 10” (oinezkoak + bizikleta + autoak) bihurtuko zirela, guztira 800 metro baino gutxiago, eta Askatasunaren hiribidea (400 m) “Zona 30” bihurtuko zela (autoa + bizikleta). Neurri gehiago iragarri ziren beste kale gutxi batzuetan, baina orain arte ez da ezer egin. Aldiz, Bartzelona bezalako beste hiri batzuek, lehen egunetik, 80km egokitu zituzten oinezkoentzat eta behin-behineko 21 km-ko bidegorriak jarri zituzten. Eta Granadak, esaterako, 75 km-ko bidegorriak eta 50 km oinezkoentzako kaleak iragarri ditu. Milan, Paris eta Europako beste hiriak ere bide beretik doaz. Eta apustu hori ez da aldi baterako: ordezkariek adierazi dutenez, neurri horietan ez da atzera egingo.

Pandemia garai honetan, EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu bizikletaren erabilera sustatzeko, garraiobide seguruagoa eta eraginkorragoa delako. Proposamenak aurkeztu dizkiogu Udal Gobernuari, bai konfinamenduan (ospitaleetara igotzeko bidegorria jartzea, osasun-langileek erabil dezaten), bai deseskalatze prozesuari begira (behin-behineko bidegorriak hiriko ardatz nagusietan: Elosegi etorbidea-Mirakruz; Amara- Poligono 27, Igarako poligonoan, etab.). Proposamen horiek guztiak atzera bota ditu EAJ-PSE Udal Gobernuak.

Eta gogora dezagun Donostia Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide dela, 'bizikletaren erabilera bultzatzeko txoke-plana' aurkeztu zuena apirilaren 22an. Eta, nahiz eta Pilar Aranak berak bide telematikoz parte hartu zuen plan horren aurkezpenean, ia neurri bat bera ere ez da aplikatzen ari Donostian. Eta, Pilar Aranaren adierazpenak ikusita, gauza guztien aurretik autoa lehenetsiz, ez du betetzeko inolako asmorik.

Eneko Goiak burbuila turistikoa zulatua egon daitekeela adierazten ari diren seinaleei jaramonik egin gabe jarraitzen du

EH Bilduk salatu du udalbatza-aretoaren erabilera antidemokratikoa eta Eneko Goiak Donostian ezartzen ari den gobernantza-eredu autoritarioa

| 2020-05-06 17:34:00

EH Bilduren udal taldetik, lehenik eta behin, gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu alkateak Donostiako Udalbatza aretoarekin egiten duen erabilera antidemokratiko eta alderdikoiagatik. Izan ere, asteak daramatzagu alkateari eskatzen ordezkaritza politikorako eta gobernu-ekintza kontrolatzeko herritarrok eta udal taldeok ditugun tresna demokratikoak, hau da, udal batzarra eta eta udal-batzordeak, martxan jartzea. Azkenean, datorren astelehen eta asteartean udal batzordeak egingo dira, baina ez modu presentzialean, era telematikoan baizik, Udalbatza Aretoak, Goiaren esanetan, ez zituelako segurtasunez bilerak egiteko gutxieneko osasun baldintzak betetzen.

Bietako bat: Edo Eneko Goia eta PSEko kideak arduragabe batzuk dira, eta jendearen osasuna arriskuan jartzen ari dira, edo pandemiaz baliatzen ari dira oposizioko taldeen lana oztopatzeko. Sektore askotatik salatzen ari den bezala, COVID-19ren krisi honetan lehenagotik zetozen arazo sozio-politiko larriak azaleratzen ari dira: zaintza krisia, dependentzia ekonomikoa, lan-prekarietatea... Eta gobernantza-eredu autoritarioen gorakada ere beste adibide bat da.

Bestalde, Udal Gobernuak Donostiako ekonomiako sektore jakin batzuei gaurko bileran aldebakartasunez helarazi omen dizkien – prentsatik jakin dugu - neurri batzuen inguruan kezka agertu nahi du EH Bilduk.

Turismoaren burbuila zulatu egin da pandemiaren ondorioz, eta errealitate gogor batera itzuli da Donostia. Turismo-jarduerak pertsonen mugikortasuna dakar nahitaez, eta, hain zuzen ere, mugikortasuna murriztea izan da COVID-19 birusaren hedapena saihesteko mundu osoan hartutako erabaki nagusietako bat. Zentzu honetan, EH Bildu oso kezkatuta gaude gaur ere garapen ekonomikorako beste eredu baten beharra aipatu ez delako. Izan ere, Donostiak beste inork baino gehiago jasango du krisi hau, hain zuzen ere, turismoaren oso mendeko egitura ekonomikoa duelako.

Langabeziaren datua argigarria da zentzu honetan: lehen aldiz, Donostiak Gipuzkoako eta EAEko langabezia tasa gainditu du. Dagoeneko% 11,5ean gaude, eta Udal Gobernuak are gehiago igotzea espero du. Alderik txarrena, , berriz ere, emakumeek eta 45 urtetik gorakoek eramaten dute; eta langabetu berrien % 56 ostalaritzatik datoz.

Eneko Goiaren Alkatetzan, turismoa Donostiako ekonomiaren motorra izatearen aldeko apustua argia izan da, baina sektore askotatik ohartarazi izan den bezala, apustu arriskutsua zen, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean. Pandemia honek agerian utzi du sektore hau oso lurrunkorra dela eta gainera, adituen arabera, krisi honen ondorioa luzerako doaz.

Sektore turistikoa berriz diseinatzeko, jasangarria bihurtzeko eta egindako akatsak ez errepikatzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk. EH Bilduren ustez, lehentasuna lanpostuen galerari aurre egitea eta enpleguaren kalitatea hobetzea da. Baina, epe ertainean, aldaketa estrategikoak sartu beharko dira Donostiako egitura ekonomikoan, turismo-sektorearekiko mendekotasuna murrizteko eta lehentasunezko inbertsio publikoak sektore indartsuagoetara eta etorkizun handiagoa dutenetara bideratzeko, hala nola industria-sektorera, berrikuntzara, zerbitzu digitaletara, nekazaritzara eta "Km0" jardunbideetara, klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratutako enpresetara, zainketetara eta sektore soziosanitariora, etab.

Era berean, argia izan da ere EAJ-PSE Gobernu honek Garbera handitzeko eta merkataritza-gune handietako beste proiektu batzuk sustatzeko egindako apustua. Izan ere, gaurko bilera egin den Udalbatza-Areto horretan bertan, denda txikien ordezkari batzuk eseri diren leku berdinetan, EAJko eta PSEko zinegotziek behin eta berriz altxatu dute eskua Garbera handitzea baimentzeko eta gure hiriko auzoetako dendei hainbesteko kaltea egin dien azalera handiko beste proiektu batzuk bultzatzeko.

Terrazen araudiaren egokitzapenari dagokionez, inplikatutako alde guztiei entzuteko Eneko Goiak duen borondate falta azpimarratu nahi dugu. EH Bilduk proposamen bat egin du zentzu honetan, sektoreko ordezkariak, auzo-elkarteak eta beste eragile sozial eta politiko batzuk mahai baten inguruan esertzeko. Izan ere, gure hirian kontuan hartu beharreko tokian tokiko errealitate desberdinak daude. Hala ere, beste behin, Goiak bere lehentasun bakarrak zeintzuk diren erakutsi du gaurkoan. Hiriko hainbat auzo-elkarteren gaurko komunikatu bateratua oso argigarria da zentzu horretan.

Hauek horrela, EH Bilduren iritziz, galdera ez da hiria noiz eta zein diru-laguntzekin itzuliko den krisi aurreko egoerara, baizik eta egoera berera itzuli behar duen. Zentzu horretan, asteleheneko batzordeei begira - dagokion tokian egitea espero dugu -, interpelazio bat erregistratu dugu, Udal Gobernuak donostiarrei azaltzeko zer dela eta ez du Donostia Turismoak edo Donostiako Udalak berak, turismoari buruzko hiri-gogoeta ireki eta estrategiko bat abiatu.


 

Terrazen araudia egokitzeko mahai anitz bat osatzea proposatzen du EH Bilduk

| 2020-04-30 13:14:00

Donostiako ostalaritza-establezimenduetako terrazen araudia “malgutzea” aurreikusten duela jakinarazi du Udal Gobernuak. Orain, konfinamendua arintzeko fasean sartu garen honetan, Espainiako Gobernuak erabaki du fase honetan establezimenduen edukiera murriztu behar dela, bezeroen arteko distantzia fisikoa mantentzeko. Neurri horri aurre egiteko, terrazen espazioa handitzea izan da mahai gainean jarri den proposamen nagusietako bat.

Neurri horrek ondorioak izango lituzke guztiona den espazio publikoaren erabileran eta, alde horretatik, esan beharra dago egoera ez dela berdina hiriko eremu guztietan. Eremu publikoaren okupazio-maila ez da berdina auzo batzuetan (Parte Zaharra, Errege-Erregina Katolikoak, Gros-Zurriola...) edo beste batzuetan (Altza, Egia, Intxaurrondo...). Eremu batzuetan, gutxieneko baldintzak ere ez dira betetzen (oinezkoentzako pasabidea, suhiltzaileak eta anbulantziak pasatzeko tokia, gurpil-aulkiak eta haurren aulkitxoak...). Beste eremu batzuetan, berriz, askoz ere aukera handiagoa egon daiteke neurriak hartzeko.

Gainera, neurri horrek beste ondorio batzuk ekarriko lituzke: egungo araudia aldatu beharko litzateke, epeak finkatu, sektoreko langileen egoera - prekarioa - kontuan hartu beharko litzateke (hamar urte baino gehiago Ostalaritza Hitzarmena berritu gabe), etab. Azken batean, kontuan hartu beharreko interes desberdinak daude jokoan eta prozedurak ere errespetatu behar dira. Hori dela eta, inplikatutako eragile guztien artean mahai intersektorial bat sortzea proposatzen dugu EH Bildutik: ostalaritza, auzo-elkarteak, sindikatuak, Udala eta talde politikoak.

COVID-19ren ondorioz sortu den krisiaren testuinguru honetan, Donostiako merkataritza txikia eta ostalaritza izan dira sektore kaltetuenetakoak, eta EH Bilduk defendatu du neurriak hartu behar direla, modu partekatuan, euren jarduera ekonomikoa suspertzeko, enpleguaren kalitatea bermatzeko eta, oro har, Donostiarron bizi-kalitatea hobetzeko. Orain hartuko ditugun erabakiek gure hiriaren hurrengo urteetarako norabidea markatuko dute. Horregatik da hain garrantzitsua une honetan eragile desberdinak mahai baten inguruan esertzea, eztabaidatzea, besteen ikuspuntuan jartzea eta neurriak ahalik eta adostuenak izatea. Azken batean, guztiok bat gatoz gure komunitatea indartzeko beharrarekin, bai pandemia honi aurre egiteko, bai etorkizunean etor daitezkeen beste krisiei aurre egiteko. Baina horretarako tresnak eta baliabideak jarri behar dira mahai gainean.

Horixe da, hain zuzen ere, Alarma egoera ezarri zenetik EH Bilduk proposatzen duena: Donostia mailan mahai intersektorial bat sortzea erabakiak partekatzeko, desberdinen artean lankidetzan aritzeko eta herritarrei entzuteko. Zoritxarrez, Udal Gobernuaren aldetik, aste hauetan erakutsitako gobernantza eredua kontrako norabidean joan da: boterea zentralitzatzea eta interes jakin batzuekiko faboritismoa. Joera hori aldatzeko garaiz gabiltza, eta terrazen araudia egokitzea aukera ona izan daiteke horretarako.

 

Donostian, urgentziaz, bizikletan ibili ahal izateko aldi baterako bidegorriak ezarri behar dira

Sartzen ari garen fase berriari begira, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela autoen erabilera geldiaraztea eta oinez edo bizikletaz joan-etorri aktiboak sustatzea. Horretarako, beharrezkoa da hirian beharrezkoak diren aldi baterako aldaketak egitea, herritarrak bizikletaz ibili ahal izateko, txirrindularien eta oinezkoen arteko segurtasun-distantziak mantenduz. Eta, horretarako, beste neurri batzuk ezartzeko zain egon gabe, beharrezkoa da gure hirian aldi baterako bidegorriak ezartzea, hala nola Miracruz-Ategorrieta-Jose Elosegi etorbideetan, Ibaeta-Igara industrialdean edo Bizkaia Paselekua-Poligonoa 27 tartean.

| 2020-04-29 12:55:00

Sartzen ari garen fase berriari begira, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela autoen erabilera geldiaraztea eta oinez edo bizikletaz joan-etorri aktiboak sustatzea. Horretarako, beharrezkoa da hirian beharrezkoak diren aldi baterako aldaketak egitea, herritarrak bizikletaz ibili ahal izateko, txirrindularien eta oinezkoen arteko segurtasun-distantziak mantenduz. Eta, horretarako, beste neurri batzuk ezartzeko zain egon gabe, beharrezkoa da gure hirian aldi baterako bidegorriak ezartzea, hala nola Miracruz-Ategorrieta-Jose Elosegi etorbideetan, Ibaeta-Igara industrialdean edo Bizkaia Paselekua-Poligonoa 27 tartean.

Alarma egoera honetan bizikleta mugitzeko modu segurua dela argi geratu da, kutsatzeko arriskurik ez duelako eta distantzia fisikoa errazten duen garraiobidea delako bizikleta. OMEk ere gomendio bera egin zuen: mugitzeko beharra izanez gero, oinez edo bizikletaz egitea. Txirrindularitzako aditu eta bizikleten erabilera aldarrikatzen duten hainbat eragilek ere - tartean Kalapie Hiriko txirrindularien elkarteak - bizikletaren aldeko apustua egin dadin eskatu diete erakunde publikoei. Eta atzo bertan, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako ministroak eskatu die udalei bizikletaren erabilera sustatzea garraio garbi eta iraunkorrerako alternatiba gisa, COVID-19k eragindako osasun-krisialditik pixkanaka irteteko.

EH Bilduren ustez, Donostia bezalako hiri batean, non bizikletaren erabilera hain zabaldua dagoen, ez da ulertzen zergatik ez duen Udal Gobernuak egoerari aurrea hartu eta ez duen bizikletaren aldeko apustu argirik egin. Gai honetan, bai alarma-egoeran, bai deseskalatze-prozesua definitzerakoan, mugikortasun iraunkorraren gaia ez da sartu ez Gobernuaren lehentasunen artean, ezta komunikazioen artean ere, ez sare sozialen bidez, ez prentsa idatziaren bidez.

Eneko Goiaren Gobernuak atzera bota ditu EH Bilduk egindako proposamenak, eta badakigu bizikletaren erabiltzaileak ez daudela batere pozik orain arte egindako kudeaketarekin. Eta jarrera hori are ulertezinagoa da jakinik Donostiak "Bizikletaren aldeko Hirien Sarea" izeneko Estatuko sarean parte hartzen duela. Sare honek txoke-plan bat proposatu du, bizikletaren erabilera areagotzeko konpromiso argiekin, bai konfinamenduan, bai irteerari begira ere. Donostian, oraingoz, ez dugu talka-plan horren berririk izan.

Izan ere, bizikletaren erabilera sustatzearen harira, hainbat adibide ditugu gure inguruan: Berlinen, behin behineko bidegorriak margotu dituzte asfaltoaren gainean, ahal izan den bide guztietan, eta beharrezkoa zen tokian. Frantziak jakinarazi du bizikleta garraiobide nagusia izateko neurriak hartuko dituela konfinamendua amaitzen duenean. Parisek, esaterako 300 milioi euro inbertituko ditu bederatzi bizikleta-ibilbide seguruko sarea sortzeko, eta bizikleta-zerbitzu publikoaren erabilera lehen orduan doan da. Bordeleko metropoli-eremuak bizikletaren alde egitea erabaki du. Jakin berri dugu, baita ere, Milanen 35 km kenduko dizkiola autoari bizikleta eta oinezkoentzako bide berriak irekitzeko.

EH Bildutik konfinamenduaren hasieratik Donostiako Udal Gobernuari hainbat neurri azter eta ezar zitzan eskatu genion: Batetik, garraio publikoa erabili ordez, oinez edo bizikletaz ibiltzeko ohar bat argitaratzea. Bestetik, Osasungintzako langileek dBiziko bizikleta publikoak doan erabiltzeko aukera eta, hirugarrenik, Amaratik ospitalera bizikleta igotzeko aukera aztertzea: bidegorria jartzea igoeran eta etorkizun batean dBizi zerbitzua ezartzeko aukera, bertako langileek erabiltzeko.

Baina Udal Gobernuak, ez du EH Bilduk proposatutako neurri bat ere kontuan hartu. Alde batetik ez zuelako beharrezkoa ikusten bizikletaren erabilera sustatzea. Hala ere, dBizi bizikleta zerbitzua aztertzea eta horiek martxan jartzeko aukera berraztertzea eskatu nahi genioke Udal Gobernuari Donostiarron mugikortasuna hobetze aldera, beti ere osasun neurri guztiak bermatuz.

Bestalde, “Red de Ciudades por la Bicicleta” sareak (non Donostiako Udala parte den), 21 erakundek sinatutako bizikletaren erabilera sustatzeko txoke-plana plazaratu berri du. Plan horretan 12 neurri adostu dira, eta horietako batzuk jada Donostian lehendik ezartzeko asmoa aipatu den arren, ez dira oraindik gauzatu eta orain horiek ezar daitezkeela iruditzen zaigu, horretarako momentua edo aukera dugula orain. Besteak beste, hauek dira bertan adostu diren neurrietako batzuk: bizikleta-sarea handitzea, bizikleta publikoen zerbitzua irekitzea (segurtasun-neurriak mantenduz), koordinazio semaforikoa ezartzea, 30 km/h-ko hiriguneak ezartzea, eta abiadura-mugak gutxitzea eta bizikletentzako aparkaleku seguruak jartzea.

Horregatik guztiagatik, galdera zehatz batzuk egin dizkiogu Udal Gobernuari, azal dezan zergatik ez den ia ezer egin gain honetan, eta, hemendik aurrera, bizikletaren aldeko apustu garbia egin dezan, hainbat esparrutatik eskatzen ari garen bezala.

Laburbilduz, alarma egoera honetan, hiri guztietan, mugikortasuna murriztearen ondorioz, poluzioa jaitsi egin da, baita Donostian ere, eta horren ondorioz, argi dago ingurumena hobetu egin dela, eta beste mugikortasun-eredu baten alde egiteko ordua dela.

Gune zabalak irekitzea da herritarrek segurtasun distantziak mantentzeko biderik onena

| 2020-04-28 13:27:00

Donostiako hondartzak eta parkeak irekitzearen edo ez irekitzearen inguruan dagoen eztabaidaren aurrean, EH Bilduren iritziz, osasunaren ikuspegia lehenetsita, ahalik eta espazio gehiago izatea herritarrek segurtasun distantziak mantentzeko biderik onena da.

Hondartzak (Kontxa, Zurriola, Ondarreta) eta parke publikoak (Ametzagaina, Cristina/Gladys-Enea...) auzoetako hiri-paisaiaren parte dira, plazak, kaleak eta paseatzeko baimenduta dauden gainerako eremuak bezalaxe.

Gainera, eremu oso populatuen ondoan daudela kontuan hartuta, ez dago hiri-espazio erabilgarria handitzea baino modu hoberik herritarrek segurtasun distantziak mantentzeko. Ez du zentzurik ustezko "dei-efektu" batean ezkutatzea, Eneko Goia alkateak egin duen bezala, hondartzetatik km 1 baino gehiagora bizi direnak ezingo baitirateke haraino iritsi.

Era berean, ez du zentzurik Madrilen irizpideen zain egoteak, Udalaren eskumena baita hondartzak eta parkeak irekitzea edo ixtea, eta egungo egoeran alkateak mahai gainean ditu erabakitzeko elementu guztiak. Nolanahi ere, aurreikuspenen arabera, gero eta kolektibo gehiago aterako dira etxetik, eta, beraz, alkatearen jarrera are ulertezinagoa da.

Izan ere, hondartzak eta hiriko gainerako espazioak donostiarrenak dira, ez dira postal edo publizitate-iragarki baten argazkiak. Herritar gehienek arduraz eta gizalegez jokatu dute orain arte, eta deseskalatze prozesuan ere hala egingo dute.

ALBISTEAK

EGIAKO EGOERA DELA-ETA

2021-11-18 13:08:00

Egiako eremu jakin batean gertatzen ari den segurtasun eta bizikidetza arazoa dela-eta, EH Bildu udal taldeak honako hau jakinarazi nahi du:

Hotelen proiektu oldea dela-eta, Donostiako EH Bilduk kitto esateko eskatu dio Udal Gobernuari

2021-11-11 13:33:00

Londresen egoitza duen inbertsio funts japoniar batek Santa Teresa komentua erosi duela iragarri izanak harridura eta haserrea eragin du Parte Zaharreko bizilagunen artean.