Donostia

Alokairuak eteteko eskatu dio EH Bilduk Etxegintzari

COVID 19k eragindako osasun-krisiak kontaezinezko ondorio sozial eta ekonomikoak sortuko ditu, eta dagoeneko sortzen ari dira. Donostiaren kasuan, egun dauden desberdintasunak areagotuko dira, bai ekonomikoak, bai sozialak. Horregatik, Udal Gobernuak, krisiaren osasun kudeaketa egiteaz gain (udal langileria babesteko neurriak, desinfekzioa eta abar), beste neurri ekonomiko batzuk jarri behar ditu martxan, okerren pasatzen ari diren donostiarrei zuzenduta.

| 2020-03-24 11:38:00

Dakigunez, ERTEak eta EREak ugaritzen ari dira, eta, gainera, autonomo askok ezin dute lan egin "alarma egoera" dela eta. Horiek horrela, Donostiako Udalak, bere eskumenen barruan, abian jar ditzake krisi berri honen ondorio ekonomikoak arintzeko neurriak. Eta, zentzu honetan, argi dago Donostiako herritarren arazo nagusietako bat etxebizitzaren arazoa dela.

Zehazki, Donostiako Etxegintza sozietateak kudeatzen dituen alokairu sozialeko etxebizitzei dagokienez, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatu dio errentak bertan behera uzteko, krisi honen ondorioz diru-sarrerak murriztu edo desagertu diren kasuetan (itxiera, ERTE, ERE,...).

Neurri hori martxan jarri ahal izateko, Donostiako Etxegintzan kontseilua egitea eskatu du EH Bilduk. Gai horretaz gain, osasun neurriak eta Osakidetzako langileen lana errazteko neurriak ere proposatuko ditu EH Bilduk. Batetik, Etxegintzak kudeatzen dituen etxebizitzetako edo apartamentuetako elementu komunak garbitzeko protokolo bat proposatuko dugu, adinekoentzako apartamentuei arreta berezia eskainiz. Gainera, Etxegintzak kudeatzen duen etxebizitza-parkean koronabirus kasu positiboek izan dezaketen eraginaren jarraipena egiteko eskatuko dugu, beharrezko izango balitz, behar diren neurriak hartzeko. Eta, bestetik, ospitale, egoitza eta abarretan lan egiten duten langileentzat etxebizitzak edo apartamentu libreak uzteko eskatuko dugu.

Bestalde, alokairuen gaiarekin jarraituz, EH Bilduk proposatu du Udalaren menpe dagoen Zorroaga Fundazioak kudeatzen dituen lokal komertzialen alokairuaren ordainketa bertan behera uztea. Hiriko merkataritza txikiak bizi duen egoera larria arintzera bideratutako neurria da.

EH Bilduk lanean jarraitzen du krisiaren ondorioei aurre egiten, gainerako udal taldeekin elkarlanean. Kolektibo sozialek helarazten dizkiguten kexa eta eskaerekin eta EH Bilduk berak egindako proposamenekin, lanerako eskema bat osatu dugu, aldiro eguneratzen ari garena, eta Bozeramaileen Batzordearen bilera bakoitzean – telematikoki – mahai gainean jartzen duguna.

EH Bilduren erabateko lehentasuna herritarren osasuna da eta horregatik eskatzen ari gara Donostian ezinbestekoak ez diren aurrez aurreko lan guztiak berehala gelditzeko. Gainera, alkateari ere eskatu diogu Osakidetzarekin harremanetan jar dadila, koronabirusaren testa ahalik eta donostiar gehienei egin diezaien eskatzeko. Eta, osasun-neurri horrekin batera, neurri sozioekonomikoak gehiago ez atzeratzeko ere eskatzen ari gara, krisi hau dagoeneko biztanleriaren sektore handietan izaten ari den ondorioak arintzeko.

Krisi batetik eredu berri bat

Analisia, Markel Ormazabalen eskutik.

| 2020-03-18 11:57:00

Modakoak egin zaizkigun tele-bilera edo tele-solasaldi horietako batean ari ginela, Reyes Carrerek alfonbraren irudiarekin deskribatu zuen bizi dugun egoera. Hau da, Covid-19ak sortu duen krisiak orain arte alfonbra azpian ezkutatutakoa azaleratu duela. Eta alfonbraren azpian bizitzaren mantentzea bera genuen. Baina orain alfonbrak itzuli egin du eta zaintzaren krisia agerian geratu da, Covid-19ak kolapsoa ekarri duelako. Eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi bezala, “zaintza krisia egiturazkoa da. Horregatik da beharrezkoa paradigma aldatzea, norbanakoaren autosufizientziaren sinesmenean oinarritutako eredu neoliberala aldatzea eta behingoz bizitza erdigunean jartzea”.

Covid-19aren krisiak bizitzeko moldeak aldatu dizkigu. Baina goitik beherako bektorearekin batera, azpitik, behetik gora eragiten ari diren indarrak ere badira. Eta indar hauek tokiko komunitateen sormena eta kooperazioa aktibatzetik sortu dira:

“Koronabirusaren aurrean, zaintza sareak osatzen ari dira auzoetan” (Irutxuloko Hitza, 2020-03-16)

Aspaldi ari ginen esaten: mende honetako 20. hamarraldi hau giltzarria izango da gizadiaren biziraupena bera auzitan jar dezakeen larrialdiari aurre egin eta garapen eredu justu eta iraunkor baten bideari ekiteko.

Erronka kolosala dugu aurrean, eraldaketa bizkorrak bizi ditugu eta krisiak katebegi asko ditu: zaintzaren egiturazko krisia, klima larrialdia...

Honenbestez, eta EHMFak esandakoarekin bat, ez digu ezertarako balioko krisi honetatik ateratzeak berdin jarraitzeko. Eta “egoera honetatik aterako gara bakarrik gai bagara logika kapitalista eta patriarkal horiek aldatzeko eta bizitza eta zaintzak erdigunean jartzeko”.

Horretarako, interbentzio komunitario sendoak behar dira: “kontakizun komunitario eraldatzaileak sortzeko gai diren elkarlan dinamikak Udalen, gizarte-eragileen eta eragile ekonomikoen artean; komunitateak dauzkan beharrizan sozialak hauteman eta lurraldearen kapital soziala aktibatzeko gaitasuna garatzea”.

EH Bildun argi dugu, egoerari erantzun eraginkorra emateko beharrezkoa dela gizartearekin aritzea, langileen elkarteekin, gizarte mugimenduekin eta beste. Norabide horretan kokatu dugu egun hauetan gure ekinbide politiko eta praktika militantea egun hauetan, herri bezala erantzun eta modu kolektiboan zaintzeko betebeharrari erantzunez.

ALBISTEAK

EH Bilduk Pilar Arana mugikortasun arloko zinegotzi-delegatuak egindako adierazpenen aurrean azalpenak eskatuko ditu

2020-05-19 15:38:00

Komunikabide batean egindako adierazpenetan, uda honetan hirian auto-ilarak egotea nahi duela adierazi du, hiriko erdigunera iristen diren autoen kopurua, bere ustez, jarduera ekonomikoaren adierazlea delako.

Eneko Goiak burbuila turistikoa zulatua egon daitekeela adierazten ari diren seinaleei jaramonik egin gabe jarraitzen du

2020-05-06 17:34:00

EH Bilduk salatu du udalbatza-aretoaren erabilera antidemokratikoa eta Eneko Goiak Donostian ezartzen ari den gobernantza-eredu autoritarioa