Herritarren kezka nagusiari erantzuteko prest dago EH Bildu formula berriekin eta politika ausartekin. Etxebizitza larrialdiari erantzuteko gaur arte eta azken hamarkadetan indarrean egon den ereduak porrot egin du, hiriari begiratzeko modua aldatzeko unea da. Batetik, eraikuntza sustapen berriak bultzatuko ditugu hiru oinarriren baitan: barrura begira hazi behar dugu lur gehiago okupatu gabe, auzoen arteko oreka bermatu behar dugu eta erabilera mistoak sustatu behar ditugu etxebizitzak eta jarduera ekonomikoak nahastuz. HAPOan jasota ez dauden sustapen berriak jarri ditugu mahai gainean, besteak beste, Miramongo polo teknologiko-ekonomikoan. Horrela, 8.271 etxebizitza berri lortu daitezke metro karratu bakar bat gehiago okupatu gabe. Bestetik, eraikita dagoen hirian interbentzioak egitea defendatzen dugu, horrela lortu baitaitezke 5.000-7.000 etxebizitza inguru.