Etxebizitza larrialdiaren testuinguruan, premiazkoa da politika publikoetatik formula aurrerakoiak eta ausartak sustatzea. Donostian indarrean dagoen ereduan aldaketa lideratzeko borondatea erakutsi du EH Bilduk eta prest gaude. Indarrean dugun Etxebizitza Planean jasota dugunez, berresten gara lau direla etxebizitza politika berrirako gakoak egoerari erantzun eraginkorra eman nahi bazaio: kanpora baino, barrura hazteko aukerak baliatu behar dira, lur gehiago ez okupatuz egin behar da, erabilera mistoak sustatu behar dira eta auzoen arteko oreka bilatu eta bermatu behar da.
Donostian etxebizitzak eraikitzeko erakundeek jarraitu duten joera zaharkitua dago eta gainera frogatu da ez dituela eman behar zituen emaitzak eman. Are, desorekak sortu ditu. Honek guztiak, hiri ikuspegi batetik, asimetriak ekarri ditu.
Auzoen arteko oreka bermatzeko politiketan jarri nahi dugu arreta. Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, «lur gehiago okupatu gabe hazteko garaia da. Hiriguneek beren mugak dituzte, eta lekua utzi behar zaio naturari eta gune berdeei».
Maiz aldarrikatu dugunez, orain arte indarrean egon den ereduak ez du auzoen arteko oreka bermatu, eta ekuazio horretan auzo batzuk urbanistikoki oso kaltetuak suertatu dira eraikuntza asko egin delako arnasgunerik bermatu gabe. Eta horren adibidea da Altza.
Zentzu horretan, Altzako plangintzan lehentasuna eman behar zaio akats historiko hori zuzentzeari, beharrezko zerbitzu, ekipamendu eta jarduera ekonomikoez hornitu behar da, eta oraindik geratzen zaizkion berdeguneak errespetatu behar dira. «Horregatik, Auditz Akular eremu naturalaren aldekoak gara. Gure ustez, Altzarako proposatutako garapenak orain arte garatu diren hirigintza politika okerretan baino ez du sakontzen. Gainera, eta honetan jarri nahi dugu azpimarra, proiektu honen aurrean alternatibak egon badaude. Horiek jarri nahi ditugu mahai gainean», adierazi du Izagirrek.
Alde batetik, Auditz Akular babesteko helburuaz, eremu hau eremu naturala izendatzea proposatzen dugu eta «edozein hirigintza-garapen irisgarritasuna hobetzera eta eremu naturala duintzera baldintzatuz». Bestetik, Antondegi desklasifikatzea proposatzen dugu, HAPOaren aurrerapenak gomendatzen duen bezala.
Badaude alternatibak
Izagirreren hitzetan, Altzak jasandako neurriz kanpoko garapen urbanistikoak ezin du jarraitu, eta Auditz Akularrek bertakoentzat birika natural izaten jarraitu behar du. «Errespetatu beharreko eremua izan behar du. Auditz Akular balioan jarri behar dugu, naturarekiko sarbidea bermatuz. Erakargarriagoa, irisgarriagoa eta duinagoa izatea lortu behar dugu, bai Altzari eta baita Donostiari ere ekarpen bat egiteko».
«Eremu honetan aurreikusten diren etxebizitzak beste eremu batzuetan egin daitezkeela uste dugu, eta egin daitezkeela babestu gehiago, baita beste modu batera ere: lur gehiago okupatu gabe. Degradatuak dauden eremuak jarri behar dira balioan, bertan eraikiz, honek aldi berean bestelako sinergiak sortu ditzan. Eremuak biziberritzearekin batera, bigarren bizitza bat ematen zaie. Formula honek, eraikitako etxebizitzan esku hartzearekin batera, Donostian etxebizitza aukera berriak eta interesgarriak irekitzen ditu».
Alternatibaren norabidea lur gehiago ez okupatzean datza eta dagoeneko aurreikusita dauden sustapenetan etxebizitza babestuaren kopuruak handitzean. Besteak beste Urumearen ibarrean, Loiolan, Eason eta Añorgan, kasu.
Epe ertainean, lurraren erabilera mistoaren bidez, Miramon eta Igara bezalako enpresa gune eta parke teknologikoetan etxebizitzak sustatzea proposatzen dugu, izan ere 1.500 eraiki daitezkeela aurreikusi dezakegu. Epe luzera, berriz, GI-20 errepidearen eraldaketari esker 60 hektarea lurzoru publiko berreskuratu daitezke. Eta bertan, modu orekatuan eta proportzionatuan, 2.500 eraikitzeko aukera dugu mahai gainean.
Eta oso garrantzitsua dena: kalifikazioaren formularen bidez, dagoeneko eraikita dauden auzo eta guneetan 4.000 etxebizitza babestu lortu daitezke metro karratu bakar bat gehiago kontsumitu gabe, HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinak berak jasotzen duenez. Tresna honek ahalbidetzen du etxebizitza babestua eraikitzea ezinezkoa den auzoetan, adibidez, Grosen, Parte Zaharrean, Egian, Erdialdean edo Amaran.
Beraz, EH Bildurentzat posible da, eta egingarria, Auditz Akular eremu berdea defendatu eta etxebizitza babesturako aukerak handitzea, gainera, hiri ikuspegitik orekatuagoak izango direnak.